Arakilgo Udalak Jimeno Jurio beka deialdia egin du

Guaixe 2024ko abe. 13a, 09:30

Itxasperriko ermita eta Arakilgo ikuspegia. ARTXIBOA

Arakilen herri lurrak kudeatzeko moduak aztertzeko egin da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 21era artekoa da.

Arakilgo Udalak bigarren Jimeno Jurio beka deialdia egin du. Aurkeztu beharreko lanaren xedea honakoa izan beharko da: Arakil ibarrean historikoki egon diren herri lurren kudeatzeko modua aztertzea. Hau da, arakildarrek nola kudeatu dituzten larreak, zura, egurra, simaurra, gaztainak, orbela, iratzea, ikatza, kartea, elurra, eta abar. Alde batetik, erabilera horien ordenamendu juridikoa (ordenantzak) eta, bestetik, praktika horien erabileratik eratorriko gatazkak edo auziak jaso beharko ditu beka jasotzen duenak. Gainera, elkarrekiko lurren edo basoen (fazeria) berezko berezitasunak kontuan hartu beharko ditu.

Ikerlariek gaia landu eta osatzeko dokumentuak, bibliografikoetara, irudiak eta argazkiak kontsultatu beharko dituzte. Baita ahozko transmisioko iturrietara jo ere, besteak beste. Beka ematen den unetik, onuradunak urte natural bat izango da lana egiteko. Epaimahaiak oniritzia eman ondoren, Arakilgo Udalak lana argitaratzeko eskubidea izanen du. Beka deialdiak 6.000 euroko poltsa du. Proiektuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke, baina Arakilgo Udalaren Euskara sustatzeko ordenantzari jarraituz, euskaraz aurkeztutako lanek 1.000 euroko osagaia jasoko dute bekaren 6.000 euroen gainetik. Beka deialdiaren oinarriak arakil.eus/eu webgunean kontsulta daitezke. 

Bi urtean behin egiten duen deialdi horren helburua da Arakil ibarra ikertzea. Aurreneko deialdiko irabazleak Agustin Cuevas eta Sol Criado izan ziren. Biek Arakil ibarra osatzen duten kontzejuen ondare elementuen katalogoa egin zuten. Lana negu bukaeran aurkeztea aurreikusten du udalak.