Txirrindularitza

Aralarko San Miguel igoera, Nafarroako Itzuliko etapa nagusian

Guaixe 2025ko mai. 20a, 10:28

Nafarroako Itzuliaren aurkezpena maiatzaren 19an egin zen. NAFARROAKO ITZULIA

Afizionatuen mailako proba prestigiotsua maiatzaren 29tik ekainaren 1era jokatuko da. Sakanara maiatzaren 31n helduko da, Aldatzen hasi eta Itxasperrin despedituko den etapan, tartean Lizarraga eta San Miguel portuak dituela

Maiatzaren 19an aurkeztu zuten afizionatuen mailako 62. Nafarroako Itzulia. Gizonezkoen txirrindulari amateurren proba ezagun hau maiatzaren 29etik ekainaren 1era jokatuko da, eta hemezortzi talde lehiatuko dira bertan, tartean lau talde nafar. Txirrindulari afizionatu garrantzitsuenak bertan bilduko dira. 

Lasterketa Nafarroako Gobernuak eta bestelako babesleek sustatzen dute. Antolatzaileek lasterketa ikusgarria antolatu dute. Maiatzaren 29ko lehen etapak (146 km)  Caseda eta Zangoza batuko ditu, eta etapa laua da, esprinterrendako egokia. Bigarren etapa Iruñea eta Tafalla artean jokatuko da (139 km). Añorbe, Girgillano eta Tirapu gainak gainditu beharko dira. 

Hirugarren etapa, maiatzaren 31koa, Sakanara helduko da. Aldatzen (Larraun) hasi, eta Itxasperrin (Arakil) despedituko den etapa (153 km) Nafarroako Itzuliko etapa nagusia da, tartean Lizarragako portua, Genbeko gaina eta Aralarko San Migeleko portua hartzen baititu. Etapa gogorra, zalantzarik gabe. Azken etapa Sarrigurenen hasi eta Abodiko eski pistan despedituko da (142 km).