Arakilgo Udalak haur eta nerabeendako aisialdi campusak antolatu ditu udarako. 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako eskaintzari dagokionez bi asteko bi txanda izanen dira: garilaren 21etik agorrilaren 1era arte eta agorrilaren 4tik abuztuak 14ra. Saioak astegunetan 10:00etatik 13:00tara izanen dira. Izen emateak 50 euro balio du. Baina udalak jakinarazi du familia ugariek edo guraso bakarrekoek %20ko beherapena izanen dutela, beti ere dagokion dokumentazioa aurkezten badute.
Udaletik gaztigatu dutenez, "izena emateko adin tartean egoteko, adingabeek urte horretan bertan bete behar dute eskatutako adina. Adibidez, 4 urteko ume batek 2025eko azaroan 5 urte betetzen baditu, izena eman dezake".
Interesa duenak Arakil.eus webgunean dagoen galdetegia bete beharko du hilaren 26rako. Bestela, 634 584 226 edo 948 500 101 telefono zenbakietara hots egin edo arakilkultura@gmail.com e-posta helbidera idatzi daiteke.
Nerabeendako eskaintza
Arakilgo Udalak 13 eta 16 urte bitarteko nerabeendako eskaintza ere prest du udarako. Izena emateko aurten bertan bete behar dute eskatutako data. Agorrilaren 18tik 29ra, astegunetan 10:00etatik 13:00etara izanen da campusa. Haurren campusean bezala matrikulak 50 euro balio ditu, eta beherapen berak eskaini ditu udalak. Izena emateko galdetegia hilaren 24ra arte bete daiteke. Argibideak eskatzeko goian aipatutako telefono zenbaki edo posta elektronikoko helbidea erabil daiteke.
Bai campus batean bai bestean plazak mugatuak direnez, onartuak izateko lehentasuna izanen dute, lehenik, Arakilen erroldatutako haurrek. Ondoren, ibarrean bigarren etxebizitza dutenak. Hirugarrenik, Irurtzunen erroldatuta daudenek eta, azkenik, balorazio irizpidea gainerako herri eta hirietan bizitzea da.