Gaur egun dagoen garraio publiko eskaintzak ez du asetzen arakildarren mugikortasun premiak. Arakilgo zortzi herritan ez da autobusik gelditzen. Eta Nafarroako Gobernuak jarritako eskaera bidezko autobus zerbitzua astean hiru egunetan bi zerbitzu besterik ez ditu eskaintzen. Hori dela eta, arakildar ugari ezin dira batetik bestera nahi bezala mugitu.
Garraiorako beharrak zein diren aski ongi identifikatuta ditu udalak. Ibarrean garraio premia adin guztietako arakildarrak dituzte, baina horiek hobe atzemateko udala Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileekin harremanetan jarri da. Goizetan arakildarrek egiten dituzten premietako batzuk dira: udaletxean, Nafarroako Gobernuaren bulegoan edo kutxetan tramiteak egitea; Irurtzungo osasun etxera joatea; lanera joatea; Irurtzunera erosketak egitera joatea; ile apaindegira joatea eta abar. Arratsaldeetako premiak zehatzagoak dira: udalak antolatutako ikastaroetara joatea; ikasleak Irurtzungo liburutegira ikastera joatea edo ostiraletan Irurtzungo gaztetxokora joatea.
Izen ematea
Horregatik guztiagatik, udalak erabaki zuen berak eskaintzea garraio publikoa. Horretarako Karkarcar kooperatibarekin hitzarmena sinatu eta auto elektriko bat eskuratuko du. Udal garraio zerbitzua erabili nahiko luketen pertsonak zein diren jakin nahi du. Garraio premia dutenei erabiltzaile gisa galdetegi bat betetzea eskatu eta izena emateko eskatu zien. Garraioa zertarako den eta behin-behinekoa den edo sistematikoa den zehaztu behar zuten erabiltzaileek izena ematerakoan. Udal garraio publikoa zein astegunetan erabili nahiko lukeen ere jakinarazi behar zuten.
Udalak eskuratutako autoa gidatuko dutenak arakildar boluntarioak izanen dira. Dagoeneko talde bat prest dago, baina bakarren batek boluntario lan hori egin nahi balu. haiendako ere izena emateko epea zabaldu zuen. Erabiltzaileen antzera, gidari boluntarioek ere galdetegia bete behar zuten. Izena emateko epea lastailaren 3an, ostiralean, despeditu zen.
Datuak eskutan, eskaera zehatza zein den jakinen du udalak. Funtzionamenduari dagokionez, aplikazio baten bidez antolatuko da Arakilgo garraio publikoko zerbitzua. Udal langile batek kudeatuko du aplikazio hori. Garraio zerbitzua ez da bakarrik ibarrean egiteko, esaterako, bidaiak Lekunberrira edo Altsasura egiteko aukera izanen da ere.