Astekaria

"Ibiltzeak oroitzapenak biziberritzen zituen"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko urriaren 28a

Agustin Cuevas Ladron de Gebara liburua eskutan duela. ARAKILGO UDALA

Arakil ibarra osatzen duten kontzejuen ondare elementuen eta tokien inguruko liburua egin du Agustin Cuevas Ladron de Gebara antropologoak.

Arakilgo Udalaren 2022ko Jimeno Jurio bekaren irabazleak izan ziren Sol Criado Ortega eta Agustin Cuevas Ladron de Gebara. Lana Itxasperrin aurkeztu zuten hilaren 11n. 

Nolatan aurkeztu zineten? 
Egiarretako lagun batzuk gaztigatu ziguten. Argentinako Cordoba hirikoa naiz. Hango antropologia museoan folklore loturekin lan egin nuen. Beraz, landa eremuko ondarearekin lan egina nintzen, gehienbat musika. Aukera bikaina iruditu zitzaidan ingurua gehiago ezagutzeko. Izan ere, ni Egiarretan bizi izan naiz denboraldi batez. Ni antropologoa naiz, Sol hezitzailea da eta, gainera, euskara daki. Lana euskaraz zabaltzea garrantzitsu jo genuen. Ni ikerketaz gehiago arduratu nintzen eta bera itzulpenaz.

Deialdiaren arabera ondare elementuen berri jaso beharra zenuten. 
Deialdiaren zati bat Arakilen existitzen ziren edo existitu ziren ondare gune mota desberdinekin lan egitean zetzan. Udalak interesgarriak ziren lekuen zerrenda bat eman zigun: larrainak, karobiak, errotak, garbitegiak, harrobiak, gaztainak gordetzeko eskortak, burdindegiak, olak, ogi labeak, ferratzeko zaldikoak eta saroiak. 

Lanean hasi ginen, erregistro moduko bat egiten: tokiak non zeuden edo egon ziren, haien egoera, historia eta nola erabili ziren. Historia dokumentuak eta artxiboak erabili nituen, baina, batez ere, antropologia metodologia, elkarrizketak. Leku horietan lan egin zuten pertsonen esperientziak ezagutzean zentratu nintzen. Esaterako, hiriberriarrek ez zituzten gaztainak gordetzeko eskortak ezagutu, baina gurasoek transmititutakoa kontatu zidaten. Lehentasuna ahozko memoria erregistratzea izan zen, haien esperientzia eta ikuspuntua. Elkarrizketa gehienak adinekoei egin nizkien. Gazteak baziren, ondarea asko interesatzen zaielako zen, haien kabuz ikertu zutelako. 

Jendea opatzeko, zer moduz?
Lagunek eta udaleko alminte Julian Iriarte Larunbek eta Rosa Unanua Ihaben administrariak jendea aurkeztu zidaten. Udalak kontzejuetako buruen berri eman zidan. Eta elkarrizketak egin ahala beste herrietan zein elkarrizketatu nezakeen esaten zidaten. Herri bakoitzean hainbat elkarrizketa egin nituen, grabazio ordu asko. Zeren herrian edo mendian barna ibiltzera ateratzen ginen. Elkarrizketa oinez gindoazela egiten nuen. Eta ibiltze horrek oroitzapenak biziberritzen zituen. Gai asko ateratzen ziren. Esaterako, larrainez hizketan hasi eta azaltzen zidaten garai batean zer landatzen zen. Eta horrek jaten zutenaren berri ematera eramaten zituen. Abeltzaintza askotan aipatu zen, etxeen funtzionamendua... Inasaren etorrera Irurtzunera eta industrializazioak bizimodua nola aldatu zuen ere jaso nuen. Lantegian lan egiteaz aparte etxean lan egiten jarraitu zuten. Ordura arte jendeak ibarretik alde egiten zuen industriaguneetara. Hurrengo belaunaldietan hori aldatu zen, lantegietan lan egin edo ikasi zuten, ez ziren landa lanean aritu. Gutxi batzuk azaldu zuten nola hasi zen jendea hona lanera etortzen. Industrializazio prozesua jaso nahi izan dut, garai bateko bizimodua bazterrera uzteko arrazoia izan baitzen. 

Elkarrizketatutako adineko askok landa lana egiten jarraitzen dute, gustatzen eta maite dutelako eta bizitza osoan egin dutena delako, eta ez direlako bestela ikusten. Pentsatu nuen belaunaldi aldaketan: zeinek jarraituko du? Nola eginen da? 

Artxibo lana, etorkizunerako?
Bai. Bekak epe eta aurrekontu mugak zituen. Hau mugagabeko lan bat da. Nik hitz egin dudan pertsonen lagin subjektibo bat besterik ez dut hartu. Herri batetik bestera gauzak egiteko moduan aldaketak zeudela ikusi nuen. Beraz, herrietako etxeen artean ere aldaketak egon zitezkeen. Beti jaso daiteke informazio gehiago. Liburua jakin-mina sortzeko gonbidapena da. Galde dezatela beraien etxean edo herrian nolakoa zen bizitza eta nola funtzionatzen zuten gauzek lehen, eta nola aldatu diren. Egiteko gauza asko daude: ikazkintza, zurgintza... Landa eremuan emakumeek zuten egitekoan askoz gehiago sakondu daiteke. Izan ere, emakumezkoek gizonezkoekin lotzen ziren lan pila egin zituzten. Gainera, emakumezkoek funtsezko rola betetzen zuten familiaren antolaketan, landa lanean...

Beraz, zabaldu duzun atearen ondoren milaka zabaldu daitezke.
Hala da. Garrantzitsuena da tokiko ondareari buruz hausnartu ahal izatea, adinekoak beren esperientzia partekatzera gonbidatzea eta, aldi berean, gazteak haiek ezagutzea, galdetzea, iraganarekiko jakin-mina piztera. Nire helburu nagusietako bat zen tokiko historia eta ondarearen balioa aitortzea. Oso aberatsa da eta identitatearen parte da, jendea den lekukoa dela balioesteko parte bat da. Eta Arakilera etortzen direnak ibarreko historiaren berri izan dezatela. 

Hausnarketarik sortu dizu lanak?
Garai bateko bizimodua askoz ere jasangarriagoak, lagunkoiagoak ziren. Ez zuten egungo kutsadura, narriadura edo kontsumoa sortzen. Lurraldean bizitzeko modu jasangarriagoak pentsatzea, ez modu horretara itzultzeko, baizik eta ingurumenean hain inpaktu handia ez sortzeko, nola hobetu dezakegun pentsatzeko. Ikerketa Arakilen ondare politikak sortzeko oinarri izan daiteke: tokiak seinaleztatzeko, hezkuntza edo turismora begirako ondare ibilbideak sortzeko, tokien kontserbazioan pentsatzeko, ondareak zuzenean edo zeharka landa garapena sortzeko, populazioa finkatzeko eta, batez ere, gazteak Arakildik joan beharrik ez izateko. 

Ikerketa liburu batean jaso duzu. 
Hasiera batean nire asmoa lan teknikoago bat egitea zen. Baina pertsonekin hitz egitean konturatu nintzen bizimodu hura ezagutu ez zuten belaunaldiek ere ez zutela hainbeste informaziorik. Fitxa teknikoz osatutako katalogoaren hasierako ideia utzi, eta elkarrizketatuek, haien seme-alabengatik edo bilobek irakur zezaketen liburu bat egin nuen. Fitxena irakur errazagoa den modu batean landu nuen, duen konplexutasuna kendu gabe. Erronka izan zen hori.  

Zer zati ditu liburuak?
Landa eta industria ondarea zer diren, kultur, baso, nekazaritza, abeltzaintza, meatzaritza, ibai eta industria paisaia zer diren eta Nafarroako industrializazio prozesua azalduz hasten da liburua. Antropologiatik begiratuta, paisaia eraikuntza bat da. Pertsonak ingurumenean eragiten du, eta alderantziz. Teoriak begirada zabaltzeko balio du, tokien, pertsonen, lurraldearen eta paisaiaren arteko harremanak hobeto ulertzeko balio du. Ahalik eta modu atseginenean idazten saiatu nintzen atala. Hasieran ematen diren tresnak herrietako lekuak modu sakonagoan ikusten laguntzen dute.

Ondoren metodologiari buruzko atal txiki bat dago. Etnografiaren tresnen inguruan eta Nafarroako aireko argazkien konparaziorako webguneaz aritzen naiz. 1920ko hamarkadatik gaur egunera arteko aire irudiak ditu eta tokiak lokalizatzeko eta haien bilakaera ikusteko oso baliagarria izan zait. Horrela opatu nuen Etxarrengo errota. Webgunea nola erabili azalduz gida txiki bat egin dut, nork bere herriko aldaketak ikusteko aukera izan dezan. Hiriberriko garbitokiaren berri argazkien bidez jaso nuen. Argazkiak eskuratzea asko kosta zitzaidan. Digitalizatu beharko lirateke. Lortu nituen gutxiak oso erabilgarriak izan ziren tokiak lehen nolakoak ziren jakiteko. 

Liburuan hainbat QR kode daude bideoetara eramaten dutenak. Horietan tokiak, trilladora edo dena delakoa nola funtzionatzen zuten ikus daiteke. Bibliografiarako eta bestelako baliabideetarako sarbidea dira. Niri ikerketan lagundu zidaten, eta jendeak ikusteko jarri ditut. 

Ondare tokien zerrenda egin al duzu?
Leku horiek guztiek nola funtzionatzen zuten eta zertarako balio zuten azaldu dut, baita haietan erabiltzen ziren tresnen berri eman ere. Kontzejuka, bakoitzean opatutako tokien berri ematen duten mapak egin nituen. Liburuaren akaberako eranskin batean ondare toki bakoitzaren GPS kokapenaren berri ematen dut, 216. Beste eranskin batean euskarazko toponimoen glosarioa dago. Toki izenak direnez, arrasto asko ematen dituzte. 

Guztia zenbat orritan eman duzu?
217 orri, elebitan. Aleak dituzte udalak, kontzejuek eta Irurtzungo eta Nafarroako liburutegiek. Jende guztiaren eskura izateko webgunean jartzeko proposatu diot udalari. Izan ere, ezagutza eraikitzen ari da, metakorra da. Udalak aurretik beste lan batzuk eginak zituen eta haietatik informazioa atera dut. Informazioa zenbat eta eskuragarriago egon, jende gehiago lanean jarraitzeko aukera izanen du, ezagutza handiagoa izateko. 

Nolako esperientzia izan da?
Extremaduran eta Errumanian lan egin izan dut, baina, zalantzarik gabe, hau izan da nire lanik gogokoenetako bat. Udalak nire proiektuan konfiantza izatea asko eskertu nuen. Denborarekin eraiki den esperientzia kolektiboak zaintzeko, oso garrantzitsua iruditzen zait horrelako ikerketetan lan egiten jarraitzea. Egungo Arakil ulertzen laguntzen digute, beti testuinguru zabalago batean sartuta. Baita pertsonen, lekuen eta lurraldearen arteko harremanak ulertu ahal izatea ere, inoiz isolatuak ez direnak, baizik eta sistema bat bezalakoak direnak. Azkenean, kultura eta kultur ezagutza eta pertsonek garatu zituzten ezagutza horiek guztiak modu kolektiboan egiten dira beti. Bulkada izan dadila beste ikerketa batzuendako, tokiko ondareari balorea emateko, landa garapena sortzeko eta etorkizunean pentsatzeko.