Ekaitzaren kalteei bakarrik aurre egin behar

Guaixe 2025eko azaroaren 4a

Egiarretan hondatutako harri lubeta.

Nafarroako Gobernuak Arakilgo Udalari ez dio aparteko dirulaguntzarik emanen ekaitz baten ondorioei aurre egiteko. Mendiko bideak asko hondatu zituen. Beste toki erakunde batzuekin batera egindako eskaerari ezezkoa eman dio gobernuak

Arakilen euri erauntsia izan zen joan zen urteko irailak 21ean. Lezaundik etorri zen ekaitza, eta Arakildik barna Ultzamara pasa zen. Urritzolan, Ekain, Zuhatzun, Satrustegin eta Ihabarren mendiko bideak hondatuta gelditu ziren. Egiarretan, Hiriberrira daraman dermioko bidearen ertzean, ibai ertzeko harri lubeta bat erori zen eta partzelariako bidea "ia zintzilik" gelditu zen, "eta oso arriskutsu dago", azaldu du Oihana Olaberria Jaka alkateak.  

Olaberriak esan duenez, "Lezaungo Udalarekin eta Ultzamako kontzeju batekin batera Nafarroako Gobernura jo genuen hondamendi gune izendapena eskatu eta dirulaguntza bereziren bat lortu asmoz. Baina gobernutik esan dute ez dutela ezohiko dirulaguntzarik emanen". Behar bada hurrengo urteko aurrekontuetan jasoko dutela esan zieten hiru herrietako udal arduradunei. 

Aipatutako harri lubeta Ebroko Ur Konfederazioaren ardura da. "Orain dela gutxi egin zuen obra hori", azaldu du alkateak. "Jakinaren gainean daude. Baina konfederazioa bere kasa funtzionatzen du eta, momentuz, ez du ezer egin".

Iruñerako errepidea
Errepide segurtasuna handitu asmoz, Berriobeiti eta Irurtzun bitarteko udal eta kontzejuetako ordezkariek bilera egin zuten martxoan. NA-240-A errepidean dauden puntu beltzak zerrendatuko zituzten, Nafarroako Gobernuari jakinarazteko. Arakilgo Udalak Aizkorbeko bidegurutzean ibilgailuen abiadura moteltzeko zebrabidea edo motelgarriren bat jartzeko eskaera egin zion foru administrazioari, baina errepideak Aizkorben dituen ezaugarriengatik ezezkoa eman zuen gobernuak. Izan ere, Aizkorbeko bidegurutzea aldapa baten gainaldean dago. Errepide bazterrean ere etxeak daude, eta horrek ibilgailuen abiadurari gehituta, beste arrisku faktore bat gehitzen dio. Etxe baten kontra talka eginez, duela bederatzi urte auto gidari bat hil zen. 

Momentuz, errepidearen zati batean, bigarren lerro jarrai bat margotu du erdialdean. Hala, lerro jarrai bakarra egon beharren bi daude. Horrek gidariei errepidea estuago izatearen sentipena sorrarazten die.