Abenduko aurreneko astean emakumezko arakildar batek erasoa jaso zuen. Haren berri jaso eta behin informazioa egiaztatuta, Arakilgo Udalak Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako I. lurralde-protokoloa aktibatu zuen, emakumeari arreta egokia eman ahal izateko, eta erantzun instituzionala koordinatzeko.
Udalak, bestalde, adierazpena onartu zuen abenduaren 11n. Haren bidez, Arakilgo Udalak bere "babes osoa eta gertutasuna adierazi nahi dio pasa den astean indarkeria pairatu zuen emakumeari, bere alboan gaudela berretsi nahi dugu, baita bere ingurukoei ere. Emakumeen kontrako indarkeria mota oro onartezina da eta irmoki gaitzesten dugu".
Adierazpena
Arakilgo Udalak "jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak gainditzeko beharra eta harekiko konpromisoa azpimarratu nahi dugu, ardura berezia dugulako erakunde publikook". Udalak esan duenez, "emakumeen segurtasuna eta duintasuna erdigunean jartzea izan behar dugu helburu eta erakundeok horretan jarraitu behar dugu, neurri eta baliabideak aktibatuz. Indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean, aurre egiteko neurriak eta erantzunak ere integralak behar dute izan".
Udalak adierazi duenez, "indarkeria matxista lehen mailako arazoa da, arazo kolektiboa, guztiona, eta guztion ardura da honi aurre egitea, gizarteari deia egiten diogu indarkeria matxistaren aurrean isilik ez geratzeko". Gaineratu duenez, "emakumeok beldurrik gabe, askatasunez, bizitzeko eskubidea daukagu, gizarte eta komunitate osoaren ardura izan behar da horretarako baldintzak bermatzea Indarkeria matxistaren aurrean, ez dira sartzen indarkeria horri eusten dioten eta gure egunerokotasunean mantentzen duten justifikazio eta jarrera konplize guztiak".
INDARKERIA EGOERAN BAZAUDE
Jar zaitez ibarreko berdintasun zerbitzuekin harremanetan eskualdeko baliabideei buruzko informazioa jasotzeko.
Sakanakoa: 660 384 328 edo berdintasuna@sakana-mank.eus
Altsasukoa: 628 328 593 edo berdintasuna@altsasu.net
LARRIALDI EGOERAN BAZAUDE
112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.
Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa
Doako arreta espezializatua ematen die sexu-indarkeriaren biktima izan diren edo bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeei, indarkeria hori gaur egungoa zein iraganekoa izan. IRUÑEAN EMATEN DUTE ARRETA urteko egun guztietan: 848 463 999 telefono zenbakian, 621 690 351 Whatsappa edo caivs@fundaciongizain.es