Arakilgo etxeetan dagoen 2026ko egutegian, besteak beste, Maitane Anizen bi argazki agertzen dira: txori bat adar batean eta ardiak larrean lasai. Arakilgo Udalak antolatzen duen Argazki Lehiaketaren irabazlea izan zen Aniz. Guztira, 112 irudi aurkeztu zituzten 28 arakildarrek. Kultur zerbitzuak adierazi duenez, irabazlea aukeratzea "zaila" izan zen.
Iruñean bizi den arren, Aniz Errozkoa da. Duela hamar bat urte argazkilaritzaren munduan sartzen hasi zen, "baina kaleko teknika daukat. Ez dut inoiz ikastaroren bat egin ez ezer ez. Baina betidanik gustatu izan zait". Arakilgo Udalaren Instagram kontuan argazki lehiaketa antolatu zutela ikusi zuen, "eta animatu nintzen". Argazkilaritza zaletasuna duenetik asko bidaiatu duela eta "argazki asko egin" dituela esan du arakildarrak, "joaten naizen tokira joaten naizela beti zein argazki egin dezakedan pentsatzen ari naiz. Pixka bat obsesioa bada". Beraz, argazki lehiaketara aurkeztuko zelal pentsatu zuenean, "nire herria Errotz da, orduan nire lekua denez bertan argazkiak egiten saiatuko nintzela pentsatu nuen". Ondo atera zen.

Maitane Aniz arakildarra sariarekin: tokiko produktuen saskia. ARAKILGO UDALA
Argazki lehiaketaren oinarrietan Arakilgo ondare materiala edo natura islatu behar zirela esaten zen, eta horretan aritu zen Aniz. "Egutegian egin nituen bi argazki ateratzen dira: ardiak eta txoria". Txoria da "handiagoa" eta irudiaren istorioa "bitxia" da: "Egun horretan bikotekidearekin joan nintzen, bera txirrindularekin joan zen eta ni kamerarekin argazkiak ateratzera. 11:00etan kotxea utzi genuen tokian geratu ginen, Errotzen, ibaiaren ondoan. Ni iritsi nintzen baina mutilagunak ez zuen ibilbidea bukatu eta itxoiten nengoela, dena motxilan gordeta nuela, txoria hor justu aurrean adar baten ondoan jarri zen". Hori zen momentua, "baina ezin nuen soinu asko egin bestela ihes egingo zuen...". Motxilak "lasai-lasai" hartu zituen, ireki, kamera hartu, tapoia kendu... "Eta hor geratu zen itxoiten niretako". Egoera "barregarria" izan zela esan du Anizek, "eta txori horrek ekarri zuen saria". Argazki hori egiteko baldintzak eman ziren.
Argazkilaritza
"Bi kamera ditut, drona, eta asko gustatzen zait argazkiak ateratzea, baina egia da dugun bizitza moduarekin... askotan ez dudala denbora ateratzen". Anizek argazkiak ateratzen "pila bat disfrutatzen" du, horregatik argazki lehiaketa ikusi zuenean argazkiak ateratzera "bultzatu" zuen. "Horregatik ere parte hartu nuen; argazkiak egitera joan nintzen lehiaketara aurkezteko". Bi egun egon zen Arakiletik argazkiak ateratzen, "eta argazki asko atera nituen; guztiak ez ziren lehiaketarako". Arakil ibaia, Gaztelu mendiaren haitzen aldea, Egiarretako Itsasperri ermita, Bi Aizpak, ardien argazki asko, Urritzolako eliza atzean Bi Aizpak ikusten direla... "Dronarekin ere asko egin nituen, argazkiak ateratzeko beste modu bat da drona, goitik, beste ikuspegi batetik". Baina irudia horien pixelak ez ziren nahikoak lehiaketara aurkezteko, "baina asko gustatzen zait dronarekin argazkiak ateratzea". Arakil fotografiablea dela nabarmendu du: "Herri guztiak, mendiak, animaliak...".
Arakilgo Argazki Lehiaketa Anizen lehenengo lehiaketa izan da: "Eta honek pixka bat motibatu nau besteren bat ateratzen bada parte hartzera. Gustatzen zaidan zerbait egitera joaten naiz". Adi egongo dela esan du, "agian ez dut irabaziko, baina aurkezteagatik. Motibatzeko modu bat da". Arakilgo Udalak lehiaketaren beste edizio bat egingo balu, errepikatzea pentsatu du Anizek: "Behin egin duzula, zergatik ez?".
"Zerbait gustatzen bazaizu hori egiteko denbora atera behar duzu; motibatu"
Argazkiak egiten "disfrutatzen" duela nabarmendu du arakildarrak: "Momentuak gordetzen dituzu eta artea ere bada. Argazkiak egiten ari zarenean gauza askotan pentsatu behar duzu: enkuadrea horrela ongi gelditzen da... Kuadro bat margotzea bezala da". Argazki "polit bat" egiteko gauza askotan pentsatu behar dela gaineratu du argazkilariak. Bidaiatzean argazkiak ateratzean toki hori "hor gelditzen" dela esan du."Zerbait gustatzen bazaizu hori egiteko denbora atera behar duzu eta argazki lehiaketen bezalako gauzak aurkitu behar dituzu motibazio eta gaitasun horiek sustatzeko eta lanean jarraitzeko".
Eta gero argazkiekin zer egiten duzu? "Denetarik egiten dut. Instagram kontura gehienak igotzen ditut, asko inprimatzen ditut eta beste batzuk marko batekin handian jartzen ditut; bideoak ere egin izan ditut, gehienbat dronaren irudiekin". Etorkizunean ikusteko karpeta batean gordetzen ditu.
