Akziodunen batzarraren aurretik haien egoeraren berri Olaztiko porlandegiko enpresa batzordeko gehiengoari, ELAri eta LABi, eman zieten. UGTko ordezkariak ez ziren agertu. Bisita bertako sindikatuekin luzerako harremana sortzeko asmoz egin dute eta bide batez haien borrokarako babesa lortzeko. Nafarroaz gain, Palencia eta Madrilen ere izanen dira. 2003tik Jorge Garcia Orgales eta Jon Vandenburgh sindikatuko kideak, Enpresa batzordeko lehendakari David Stepp, haren emazte Wanda Stepp eta haien alaba Jessica Stepp eta Don eta Ellen Crowe senar-emazteak osatzen zuten USWren ordezkaritza. Azaldu zutenez 1999-2000 urtean erosi zuen CPVek Giant Cement talde amerikarra eta harekin Hego Karolinako Harleyvilleko lantegia. Indarrean zegoen lan hitzarmena 2003an bukatu zen eta berria hitzartzeko garaian enpresak langileei hainbat eskubideri uko egitea eskatu zien, besteak beste: langileendako enpresaren jubilazio plana desagertzea edo jubilatutako langileen osasun asegurua kentzea. Horrekin batera eraginkortasuna aipatzen zuten klausulak sartu nahi zituen enpresak lan hitzarmenean. Sindikatuak azken horretan kaleratzeak egiteko ate bat ikusten zuten eta bestela ere ez zeuden prest urtetan lortutako eskubideak galtzeko. GrebaAldeen arteko elkarrizketek ez zuten adostasunik ekarri. Hala, 2005eko agorrilean grebara jo zuten 137 langileek. AEBko legediak baliatuz enpresak berehala ordezko langileak hartu zituen. 5 aste zeramatenean enpresak sindikatuari gutun bidez jakinarazi zion ordezko langileak kontratatuko zituela. Sindikatuak urgentziazko bilerara deitu zituen langileak eta lanera bueltatzea erabaki zuten. Enpresak 40 langile deitu zituen lanera eta besteak kanpoan utzi zituen argudiatuz bezperan ordezko langileei kontratua egin ziela. 97 kalean gelditu ziren eta haien lanpostuen defentsan jarraitu dute, gaur arte. Langileak Lan Ministeritzara jo zuten baina hark ebazpen bat emateko urteak behar omen dira. 2005eko lastailaz geroztik 13 langilek berreskuratu dute lanpostua eta 17 behar baino lehenago jubilatu dira, diru sarrera bat ziurtatzeko modua baitzen. Gaur egun 63 langile daude Harleyvilleko porlantegian haien lanpostua berreskuratzeko aldarrikatzen. Lan gatazka hasi zenetik enpresak lantegian 16 lanpostu desagerrarazi ditu. LuzeUSW sindikatuak astero langileei haien soldataren % 20a ordaintzen die. Baina ez da nahikoa eta familiak, batez ere emazteak, borrokaldia eusteko oinarri bihurtu dira. Haiek ere aldarrikapenekin bat egiteaz gain, familien ekonomiari eutsi ahal izateko lanean jarri dira. Wandak eta Ellenek borroka ekonomiko eta emozionala "zaila" dela aitortu zuten. Bestalde, Harleyville herri txikia da eta biztanle gehienek dute senideren bat lantegian lan egin duena edo ari dena. Komunitatearen babesa badute langileek. AkordioaAsteazkenean akziodunen batzarra hasi aurretik aldeek akordioa lortu zuten. Horren arabera jubilatu nahi duten langileek osasun asegurua izateko aukera izanen dute. Horretaz gain, zenbait langile berehala lanean hasiko dira eta erretiroa hartuko ez duten gainontzeko langileak 6 hilabeteren buruan lanean izanen dira. Horretaz gain, bi aldeek arazoak aztertu eta konpontzeko batzorde bat osatuko dute. Hiruna kide izanen ditu batzordeak eta haietako bana lantegitik kanpokoa izanen da. Langileen ordezkariak akordioa "onuragarria" dela aitortu du, "lasai bueltatzeko" modukoa.