500 txirrindulari bildu ziren Sakanako txirrindula egunean

Guaixe 2007ko urriaren 16a

Adin guztietako 400 txirrindularik hartu zuten irteera goizeko 9etan Irurtzunen. 207 txirrindulari, hots, epearen barruan izena emana zutenak, antolakuntzak jarritako autobusetan heldu ziren, kamioi batek euren txirrindulak eramaten zituen bitartean. Beste parte hartzaile asko, eguraldiak lagunduta igandean bertan animatu ziren proban parte-hartzera, eta tropel erraldoiari ibilbidean zehar gehituz joan ziren. Irurtzunen hasi eta Itxasperri aldera egin zuten txirrindulariek eta handik Irañetara joan ziren. Pistetatik Uharte Arakilera, Arruazura eta Lakuntzara egin zuen tropelan; azken horretan, gosarirako momentua izan zen. Indar berrituta pedalei ekin eta Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain zeharkatuta, basotik 13:30 aldera Altsasura iritsi ziren txirrindulariak. Herriari bira eman eta gero, lehiakorra ez zen probako helmugara, Altsasuko Foruen plazara, heldu ziren parte-hartzaileak. Behin Altsasun, kirol produktuz osatutako hainbat lote zozketatu zituzten antolatzaileek eta txirrindulari bakoitzarentzat oroigarria ere izan zen, kamiseta edo eskularruak, kasuan kasu. Txirrindularen egunaren helburua bizikletan ibiliz eta kirola egiten egun polita pasatzea da, paisaiaz gozatu eta Sakanako txokoak ezagutzea. Gainera, beste urte batez igandekoan handienek eta txikienek elkarrekin ongi pasatzeko aukera izan zuten, baita herri ezberdinetako txirrindularien arteko harremanak sustatzea ere. Era berean, taldetxoak ez egin eta parte hartzaile guztiak batera joateko abiadura lasaian burutu zen ibilaldia, proba ez lehiakorra baita Sakanako txirrindula egunekoa. Ekimen sendoaUrtetik urtera sendotzen doa eguna. Iaz 500 inguru parte-hartzaile izan ziren eta aurten ere, igandea zubi asteburu barruan egon arren, 500 pasatxo bildu ziren. 207 txirrindularik aurretik eman zuten izena eta autobus zerbitzua erabili zuten Irurtzunera joan eta Altsasun proba bukatzerakoan etxera joateko. Baina ibilbidean zehar txirrindulari taldetxoak gehitzen joan ziren eta guztira 500 inguru heldu ziren amaiera puntura. Horrela, bukaeran, Altsasuko erdigunea txirrindulariz eta jendez gainezka izan zen. Aurten estreinakoz, parte-hartzaileak derrigortuak zeuden kaskoa eramatea, batik bat, aurretik izena emana zuten txirrindulariak. Kaskoa janzteko ohitura oraindik orain gure artean guztiz errotua ez dago, baina igandeko proban, txirrindulari bakan batzuk izan ezik, beste denek burua babestua zeramaten. Hala ere, ez zen erorketa edo istripu aipagarririk gertatu eta normaltasunez bete zen guztia. Sakanako Mankomunitateko kirol teknikariek balorazio ezin hobea egiten duten igandeko saioarena eta pozik agertu dira "ekimenarengatik zoriontzeko deiak eta guzti jaso dituztelako".