Monika Etxeberriak eta Fernando Reyk Elurra eleberria euskaratu dute

Guaixe 2007ko abenduaren 13a

Biek bekara aurkeztutako itzulpenaren lagina epaimahaiaren gogokoa izan zen eta haiek eskuratu zuten beka. 9 hilabetetan eleberria itzuli behar izan dute eta Durango, dagoeneko, salgai zegoen. Monika Etxeberriak euskaratzen duen hirugarren liburua da hori. Aurretik Jean-Paul Sartreren Goragalea eta Danilo Kisen Hildakoen entziklopedia liburuak euskaratuak zituen. Lana eta egileaOrhan Pamukek Elurra (2001) eleberri luzean kazetari baten istoria kontatzen du. Monikak azaldu digunez, "Alemanian urteak eman eta gero Turkiara iritsi da kazetaria. Barrualdeko hiri txiki batera erreportaje bat egitera joan da. Elurra egiten du eta isolatuta gelditzen da". Monikak argitu digunez, "egoera horretan kazetariak bizitako pasadizoen bidez Turkiaren egungo errealitatearen erretratua egiten du". "Iaz Nobel saria irabazi zuenerako jendearendako ezaguna zen Orhan Pamuk" esan digu Monikak. Eta gehitu du: "Turkiarrek armeriarrekin genozidioa egin zuela esan du, kurduen alde agertu izan da. Auzipetuta egon da". Bere lanari buruz, Arbizun bizi den itzultzaileak argitu digu "eleberri idazlea" dela, batez ere, eta "bere lanetan mendebaldeko nobela joerak Turkiako elementu fantastikoekin" lotzen dituela. Monikak ere gehitu du gaien aldetik mendebaldekoak eta Turkiakoak lantzen dituela. ItzulpenazMonika eta Fernando lankideak dira eta administrazioan itzulpen lanak egiten dituzte. Aukeratu zuten liburua, Elurra, potoloa da. Monikak esan digunez, "proba moduan egin genuen. Halako lan bat egiteko elkarrekin konfidantza izan behar da eta harreman berezia izan behar da, bien artean lan egin behar baita". Arbizun bizi den itzultzaileak adierazi digunez, "lan banaketa egin genuen eta biok ginen itzultzaileak eta zuzendariak". Biek ere turkiera ezagutzen ez zutenez, gaztelaniazko, italierazko eta frantsesezko itzulpenetan oinarritu dira Orhanem eleberria euskaraz emateko.