Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urte berri egunean Arbizun foruzainekin izandako istiluen ondorioz 3 atxilotu, 15 zauritu eta "giro tentsua" izan dira. Atxilotuak, 2 arbizuar eta olaztiarra, epaiketaren zain daude. Autoritatearen aurkako atentatua eta desordena publikoak leporatzen dizkiete eta datozen hilabeteetan epailearen aurretik pasa behar izango dute. GertakariakArbizuko Udalak azaldu duenez, urteberri eguneko goizeko 9:00etan Foruzaingoaren bi patruila Arbizura iritsi eta modu "oso bortitzean" presoen egoera salatzeko zeuden panelak kentzen hasi ziren. Arbizuko Udalak dioenez, hura ikusita Mikel Gartziandia zinegotzia haiengana gerturatu eta hura kolpatu eta atxilotu egin zuten. Hori ikusita herriko jendea gerturatu zen eta Foruzaingoaren kargaren ondorioz Mikel Berastegi atxilotu zuten. Izandako istiluetan 15 herritar zaurituak izan ziren. Bi atxilotuak Altsasuko polizia-etxetik pasa ondoren Iruñera eraman zituzten eta ospitaletik pasa behar izan zuten. Orain arteko mobilizazioakUrteberri goizean gertatutako salatzeko egun horretan bertan, arratsaldean, manifestazioa egin zen Arbizuko kaleetan. 400 pertsona inguru bildu ziren atxilotuen askatasuna eta bakean uzteko eskatzeko. Hurrengo egunean ere herri batzar jendetsua izan zuten eta erantzun dinamika bat jarri zuten martxan. Bi arbizuarrak aske utzi ondoren, ostiralean beste gazte olaztiar bat atxilotu zuten Arbizun, ilbeltzaren batekoaren gertakarien harira. Plenoa eta mozioaIlbeltzaren 2an Arbizuko udalak ez-ohizko plenoa egin zuen gai aztertzeko. Onartutako mozioan Foruzaingoak izandako portaera salatu zuten. "Polizia forala hartzen ari den bidea errepresioarena da eta abertzaletasunaren aurkako indar armatuak bihurtu nahi dute" azpimarratzen da udal erabakian eta gehitzen da Arbizun eta Euskal Herrian ez dituztela indar polizial errepresiborik nahi. 4 puntuko idatzia onartu zen.Lehenik atxilotuei elkartasuna adierazi eta edozein salaketa dela medio udala akusazio partikular bezala aurkeztea "polizia foralak erakutsitako jarrera probokatzaile eta bortitzaren aurrean."Gertatutakoari herriak erantzun sendo eta tinkoa emanen diola argitu zuten eta horretarako atxikimendu dinamika bat abian jartzea erabaki zuen udalak. Horren barruan gertatutakoaren testigantza babestuko duen manifestu bat egin da eta dagoeneko 150 arbizuarren sinadurak bildu dira, ondoren dagokion arduradun politiko eta polizialei bidaliko zaizkienak. Mozioan onartutako azken puntuan iganderako manifestazioaren deialdia udalak beregain hartzea onartu zuten. Hala, "Arbizun lasai bizitzeko eskubidearen alde" igandean dute hurrengo hitzordua sakandarrek, arratsaldeko 19:00etan Arbizuko plazan.