Ama hizkuntza, euskararako atea

Guaixe 2008ko urtarrilaren 10a

Desberdinak gara, Sakanan = leloa duen kanpainaren barruan, Sakanako Mankomunitatea eta Ibarreko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak mundu osotik ibarrera etorritako guraso berriei zuzendutako liburuxka argitaratu eta banatzen ari dira: Zuen lotura, bihurtu ohitura izenburua du. Gizarte Gaietarako Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza duen argitalpenak ama hizkuntzaren transmisioaren garrantzia eta hizkuntzak ikasteko erraztasuna nabarmentzen ditu. Sakanan hitz egiten diren hainbat hizkuntzatan dago idatzia liburuxka. Azken 3 urteetan jaiotako haurren gurasoek jasoko dute liburuxka etxean. Hartan guraso berriei azaltzen zaie ibarrean bi hizkuntza ofizial daudela: gaztelania eta euskara eta bien egoeraren berri ematen zaie.  AholkuakSakanara etorri diren guraso berriei aholku ematen zaie haien seme-alaba txikiekin ama-hizkuntza erabiltzeko, haien berezko hizkuntza. Eta horretan zalantzarik ez izateko aholkatzen du argitalpenak. Izan ere, gurasoak dira haien "aberastasun hori seme-alabei transmititu diezaieketen bakarrak, bestela alferrik galduko" baita. Horretaz gain, "abiapuntu ederra izanen da beste hizkuntzak ikasteko". Jakina baita "pertsona batek zenbat eta hobeto jakin bere hizkuntza, hainbat eta aukera gehiago izango dituela bigarren hizkuntza bat jakiteko. Eta alderantziz". AukeraketaBaina erabaki hori hartzeaz gain, Sakanako guraso berriek beste aukeraketa bat egin beharra dute: hezkuntza sistemako hizkuntza eredua. Argitalpenak D ereduaren alde egiteko gomendioa egiten die gurasoei. Zergatik? Seme-alabak "D ereduan euskara ikasi ahal izango du, eta gaztelania ikasteko ere ez du arazorik izango gizartean hizkuntza nagusia delako. Gainera, eskolak ere gaztelera lantzeko betekizuna dauka". Horretaz gain, "bigarren hezkuntzaren ikaskuntzaren arrakasta lotura zuzena du ama hizkuntza ondo jakitearekin". Sakanan integratzeko ohiturak eta identitatea ez direla alde batera utzi behar irakur daiteke liburuxkan. Norberaren kultura mantenduz sakandarrok beste kulturak ezagutzeko aukera izanen dugula adierazten da eta denboraren poderioz pertsonak bertakotzen direla. Guraso euskaldunendako ere azken aholku bat ere bada, haurrei euskaraz hitz egitea, "euskaraz bizitzeko eskaintza" egitea, alegia.