Kultura eta Turismo Departamentuak landutako planak Nafarroa 13 turismo eskualdeetan banatu du. Horretarako kontuan hartu dituzte hainbat elementu. Hala, Sakana Plazaolarekin (Araitz, Betelu, Lekunberri...) batera eskualde batean bateratu du departamentuak. Eskualde horretarako proposatzen den "garapen eta ardatz tematiko nagusia Aralar eta Urbasa-Andia dira, natura turismoa". Departamentuan bi mendilerro horietan ikusi dute "turismo produktu errentagarri eta espezialduak egiteko potentzialitatea". Eta komunikazio ardatz gisa "ametsetan barnako paseoa" leloa proposatu du planak. Kultura eta Turismo Departamentuak aurreratu zuenez, "eskualde bakoitzak bere plan operatiboa" izanen du. Horretaz gain, plan horretan eskualde bakoitzean "lehentasunezko publikoa zein izan daitekeen edo produktu osagarriak" zehazten dira. Departamentuak aurreratu zuenez planaren lehen fasea, oinarrizko agiriaren irizpideak zehaztea, aurki despedituko dute. Ondoren idatzitakoa gauzatzea etorriko litzateke.