Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko herrialde ezberdinetako pilotari onenak Mallabiako pilotalekuan bildu ziren joan zen ostiralean, Euskal Herriko kluben arteko Txapelketako finalean. Bertan izan ziren, besteak beste, Nafarroako gazte mailako txapeldunak, Joseba Ezkurdia arbizuarra eta Iosu Bergera arruazuarra.Aldabideko bikoteak Euskal Herriko txapela irabazi zuen, Berrizko Oizpe taldeko Balerdi eta Perosanz 22-8 mendean hartuta. Bikain aritu ziren Aldabideko pilotariak, seriotasunez eta aurkariei ia oparirik egin gabe. Txapelketa osoan ez dute partidu bakar bat ere galdu. Ongi merezitako saria jaso zuten, beraz, ostiralean. Pilotariak eta haien entrenatzaileak "oso pozik" daude lortutako emaitzarekin, "gauza handia baita Euskal Herriko txapeldun izatea".Eskuz binaka, 22 urtez beherakoen artean, zorte gutxiago eduki zuen Irurtzungo bikoteak. 16-22 galdu zuen Ilenperen aurka.Bergera Malerrekan ere txapeldunFinal bat gutxi ez, eta bigarren bat ere izan zuen Iosu Bergerak joan zen asteburuan. Malerrekako Txapelketako finala izan zuen larunbatean, Jon Juanarena aurrelariarekin batera, Oier Apezetxea eta Xabier Madariagaren aurka. Partidu gogorra eta borrokatua jokatu zuten bi bikoteek, baina azkenean, arruazuarra eta laguna gailendu ziren, 22-17. Zalantzarik gabe, asteburu borobila izan da Aldabidekoendako.