Langabezia eta lana lortzeko esperantza baxua, emakumeen kezka nagusiak

Guaixe 2008ko apirilaren 3a

Emakumeen egoera ezagutzeko ikerketa eta diagnosia egitea beharrezkoa zen. "Equala Aukera-Berdintasuna Aholkularitza enpresari eman genion aipatu ikerketa egitearen lana, 5.800 euroren truke, eta Nafarroako Gobernutik Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren bitartez 3.750 euroko laguntza jaso dugu " azaldu du Arbizuko alkate Jesus Mari Mendinuetak. Diagnosi kuantitatiboa eta kualitatiboaEquala enpresak "Arbizuko emakumeen eta gizon-emakumeen aukera berdintasunaren diagnosia" txostena aurkeztu berri dio Udalari. Txostenean jasotzen denez, ikerlanaren helburua "emakume arbizuarrek dituzten beharrak eta egoerak ezagutzea eta baloratzea da, eta Arbizuko gizon-emakumeen aukera-berdintasunaren egoera nolakoa den analizatzea". Ikerketa egiterakoan, alde batetik diagnosi kuantitatiboa egin da, hau da, datuak bildu dira: demografi datuak; udalak eta elkarteek herri mailan egin dituzten ekintza ezberdinen zenbaketa, betiere emakumea helburu zutenak; eta herri mailan emakumearen inguruan egindako ikerlan eta txostenen analisia. Bestalde, diagnosi kualitatiboa egin da. Ikertzaileak Arbizuko eragileekin - politikoak, teknikariak, erakunde ezberdinetako ordezkariak...- eta emakumeekin bildu dira, sakoneko elkarrizketak eginez. Gainera, udaleko politikoen, teknikarien eta herritarren iritziak eta ikuspuntuak analizatu eta konparatu dira. Kezka nagusia: langabezia eta lana lortzeko zailtasunakDiagnosiak jasotzen duenez, emakume arbizuarren kezka handienak langabezia eta emakumezkoak lan merkatuan sartzeko duten itxaropen baxua dira. Herrian bertan lan egiteko aukera nahiko eskasa dela diote, eta gehienetan ez dela lan kualifikatua izaten. Lanpostuak lortzeko herritik kanpo mugitu behar direla aipatzen dute, eta gainera, lan kontratu gehienak aldi baterakoak direla. Lan-postuak lortzeko bidean Lan Heziketa ikasi ez izana traba jotzen dute Arbizuko emakumeek. Horregatik, nerabeek lan hautaketa egiterakoan indarrean dauden estereotipoak aldatzeko garaia dela iritzi diote, gizonezkoek lan heziketa eta neskek unibertsitate mailako ikasketak egin edota etxekoandreak izatearen estereotipoak, kasu. Nolanahi ere, txostenak dio Arbizuko emakumeen eguneroko bizimodua aldatzen ari dela: lan merkatuan sartzen ari direla eta kulturarekin zerikusia duten ekintzetan euren parte hartzea igotzen ari dela, festetan euren partaidetza ere handituz. Gainera, emakumeek kirolean eta kirol taldeetan erabat murgilduta daudela jasotzen du diagnostikoak. Baina kirol teknikariek ohartarazten dute erabaki gehienak gizonen esku daudela. Bestalde, partaidetza politikoan emakumearen parte hartzea eskasa da. 0-3 haurtzaindegiaren komenientziaGizarte Zerbitzuen alorrean, Arbizuko emakumezkoek euren beharrei moldatutako osasun zerbitzuak eskatu izan dituzte behin baino gehiagotan. Lana eta familia kontziliatzeko neurrien inguruan, 0-3 urte arteko haurtzaindegiaren komenientzia aipatu dute emakumeek. Bestalde, hirigintzaren aldetik, emakumeen iritziz herrian ez dago espazio arriskutsurik ezta argitasun falta duen tokirik, eta ongi deritzote babes ofizialeko etxeak egiteko martxan dauden neurriei. Nahiz eta belaunaldi gazteek auto propioa izan garraiobide publikoa hobetzearen beharra nabarmentzen dute Arbizuko emakumeek, batez ere belaunaldi zaharren autonomia mugatua delako. Etorkinen kopurua ez da oso nabarmena, baina euren beharrak atenditzeko komenientzia aipatzen dute arbizuarrek, guztien arteko integrazioa lortzearren. Bukatzeko, emakumearen aurkako indarkeria dute aipagai. Txostenak dio kasu gutxi ezagutzen direla eta lokalizatuak daudela, baina kontuan hartzekoak direla. Udalak txostena aztertu eta neurriak hartuArbizuko alkateak adierazi duenez, "orain diagnosiaren konklusioak eta ondorioak aztertzeko garaia da. Dauden gabeziei erantzuna ematen saiatuko gara, eta Udalak berdintasuna bulkatzeko konpromisoa hartu duenez, zer hobetu dezakegun aztertuko dugu, beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Izan ere berdintasunerako dauden diru laguntzak ez dira mugatuak, eta plan konkretu bat bulkatu nahi badugu atzera ere Nafarroako Gobernura joko dugu, laguntza eske" adierazi du. Norbaitek aipatu diagnosia jaso nahi izanez gero, Arbizuko Udaleko bulegoetatik pasa daiteke.