Utzubar industri gunea 2. fasean handitzeko lanak aurrera doaz

Guaixe 2008ko apirilaren 7a

Poligonoa lehen fasean handitzeko lanak iazko abuztuan despeditu ziren. Industri guneko goialdetik, hain juxtu Garalurrek bertan duen enpresa mintegitik Arbizu aldera handitu zen poligonoa, 33.000 metro karratutan. Patricio Lizarraga enpresak lur mugimenduak egin eta gero, Excavaciones Olloquiegui S.A., Asfaltos Biurrun S.A. eta Eseki S.A.L. enpresek osatutako behin-behineko enpresa elkartea arduratu zen urbanizazio lanez. Lanek 1.129.659,85 euroko aurrekontua izan zuten, eta Nafarroako Gobernuak lanen %20a lagundu zuen, 225.931,97 euro. Arbizuko Udaleko alkate Jesus Mari Mendinuetak azaldu duenez, dagoeneko saldua dago poligonoaren lehen handitze fasean sortutako industri eremua. Tartean egonen da, esaterako, Sakanan Ibilgailuen Azterketa Teknikoko (IAT) estazioa, eta dagoeneko Tüv Rheinland enpresa hasia dago IAT estazioa jasotzeko lanak egiten. Egun, bigarren faseko handitze lanakBerriki Arbizuko Udalak erabaki zuen Excavaciones Olloquiegui S.A eta Eseki S.A.L. enpresek osatutako behin-behineko enpresa elkarteari ematea Utzubar poligonoa bigarren fasean handitzeko lanak, dagoeneko martxan daudenak; horrekin batera, sarbideak hobetzeko lanak egiten ari dira. Izan ere Nafarroako Gobernuak Utzubar industrialdea handitzeko baimena eman zuenean sarbideak hobetzeko baldintza jarri zuen, kamioien sarrera-irteerak errazteko. Horrela, hegoaldeko sarrerarako, Arbizu eta Unanu arteko errepidean errotonda edo biribila egiten ari dira, eta Arbizu eta Etxarri lotzen dituen errepidean, berriz, industrialdera sartu nahi duten ibilgailuek erdian gelditu ahal izateko 3. lerroa eginen da eta horrekin batera, ateratzen direnak abiadura hartzeko lerroa ere eginen da. Lan hauek guztiek 2.930.485,32 euroko aurrekontua dute, BEZa barne. Bigarren fase honetan 67.000 metro karratu gehituko zaizkio Arbizuko industrialdeari. Alkateak dioenez dagoeneko enpresa askok azaldu dute bertan lurra erosteko interesa. Lur industrialaz gain, lur dotazionala eskainiko du ere Udalak. Handitze lanak irailerako despedituko direla aurreikusten da. Bestalde, Arbizuko udalak Nafarroako Gobernutik bi diru laguntzen ebazpena jaso du. Ur hodi nagusia berritzeko lanek 267.705,27 euroko kostua izan zuten eta Gobernuak 155.387,94 euroko laguntza eman du, eta partzelariak hobetzeko lanen zenbatekoa 80.813,33 eurokoa izan zen, eta Gobernuaren laguntza 48.488 eurokoa. Landa hotela, uztailerakoJesus Mari Mendinueta alkateak adierazi duenez, errota zaharrean landa hotela eraikitzeko lanak martxa onean doaz. 11 logela izanen ditu landa hotelak eta bi jangela. Gainera, uraren indarrez mugituko den errota martxan jarriko dute eta errotarriak eta gainontzeko tresneria guztia ikusgai izanen da. Udalak landa hotela uztailean zabaltzea aurreikusten du. Arbizuko Udalak sortutako Askalats enpresa pribatuak emango du landa hotelaren gestioa.