Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar, apirilaren 26an, larunbatean, Arbizuko XIII. duatloia izanen da jokoan. Arbizuko Udalak antolatu du proba, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuaren eta Sakanako Triatloi Taldearen laguntzarekin, Nafarroako Kirol Institutuaren babesarekin eta herriko komertzio, elkarte eta enpresen laguntzarekin. Parte hartzaile kopurua 190era igo da aurten, plazan kokatuko diren boxetan kopuru hori sartzeko ahalegin handia eginez. Hala ere lasterketa arrakastatsua izanen da, izena ematea zabaldu eta egunean bertan berehala bete baitziren aipatu tokiak. "Jendea etengabe deitzen ari da, parte hartu nahi duela esanez, baina apuntatu gabe daudenek soilik aukera bat daukate: larunbatean bertan Arbizura hurbildu eta izena emana daukaten kirolariak aurkezten ez badira toki horiek betetzea, guztia betea baitago" azaldu zuen Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak Arbizuko XIII. duatloiaren aurkezpen ekitaldian. Berarekin batera Arbizuko Udaleko kirol zinegotzi Fran Araña eta euskara zinegotzi Gorka Iriarte izan ziren.Arbizuko duatloiarekin hainbat helburu dauzka antolakuntzak: Arbizu eta Sakana bulkatzea, "oso gune dinamikoa eta plurala", Gerrikagoitiaren esanetan; kirolari federatu eta ez federatuen partaidetza bulkatzea; eta kalitatezko kirol proba antolatzea. "Urtetik urtera proba hobe antolatzea da gure erronka" zehaztu zuen kirol teknikariak. Bestalde, guztia antolatzeko orduan erakundeen, taldeen eta laguntzaileen arteko elkarlana azpimarratu zuten, eta proba antolatzerakoan euskararen aldeko jarrera dutela gaineratu zuten. "Kartelak, triptikoak, megafonia...euskaraz izanen da", nabarmendu zuten.Proba gogorra Arbizuko XIII. duatloia Euskadiko Zirkuiturako baliagarria da. Antolatzaileen esanetan proba gogorra da. Herrian barna 4 kilometroko zirkuitu bat prestatu dute, eta hasieran zirkuitu horri bi buelta eman beharko zaizkio korrika, 8 kilometro eginez. Ondoren, bizikleta hartu eta 32 kilometro eginen dituzte, Kale Nagusitik abiatu, Lizarragako Katera heldu eta Etxarritik barna Arbizura helduz. Bukatzeko, txirrindula boxetan utzi eta herriko zirkuituari buelta bat emanen diote, 4 kilometro eginez. "Ibilbidean ez dugu aldaketarik egin, soilik helmuga plazan jarri beharrean zertxobait jaitsi dugu: eskolen parean egonen da. Polita da, paisaia ederra delako, baina oso gogorra da, Lizarragako Katea tartean baitago. Hego haizeak jotzen badu, kriminala da" azaldu zuten antolatzaileek. Proba jarraitzeko toki aproposenak zeintzuk diren galdetuta, herriko edozein txoko eta Lizarragako Katea aipatu zituzten. Aurreikusten da kirolariak 18:00ak inguru hasiko direla helmugara heltzen.Izena eman duten 190 parte hartzaileen artean 8 emakumezko daude. Iazko irabazle Ana Casares ez da aurten proban izango, eta Inma Rafael jotzen dute faboritotzat. Gizonezkoetan, duela bi urte garaile izan zen Jon Arozena eta iazko irabazle Mikel Monasterio dira garaipena lortzeko faboritoak. Beteranoetan, Jose Mugica eta Javier Gutierrez nabarmendu zituen antolakuntzak. Aipatzekoa da Sakana Triatloi Taldeko 12-13 kide ariko direla lehian, tartean Pello Bergara beterano altsasuarra. Parte hartzaile gehienak Euskal Herrikoak dira, Zaragozako bat edo beste izan ezik.Boxak 13:30ean zabalduko dira Proba 16:00etan abiatuko da plazatik, baina antolakuntza 13:30ean hasiko da dortsalak banatzen. Aurretik izena emana zuen norbaitek kale egiten badu, tokirik gabe geratu direnek izena emateko aukera izanen dute. Boxak Arbizuko plazan jarriko dituzte, eta parte hartzaile bakoitzak bere boxa edo tokia izanen du, bizikleta edo euren beharrezko gauzak uzteko.Sari potoloak eta auzatea Emakumezkoetan eta gizonezkoetan, txapeldunek 200 euro, trofeoa eta txapela jasoko dituzte; bigarrenek 150 euro eta trofeoa; eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. 23 urtez azpiko onenak, lehen juniorrak eta lehen beteranoek 100 euro eta trofeoa eramango dute etxera, eta sailkatutako talde onenak trofeoa. Etxera begiratuz, lehen sakandarrarendako eta lehen arbizuarrarendako trofeoa izanen da. Horretaz gain, parte hartzaile guztiek Arbizuko gazta eta txistorra eta antolakuntzak diseinatutako kamiseta jasoko dute opari, eta gainera, guztien artean Razesa etxeko koadro bat, 2 afari, oinetakoak, txuletak eta beste zozketatuko dira. Sari emate ekitaldia 19:00etan eginen da plazan, eta ondoren guztiendako auzatea prest egonen da Aldabidea elkartean. Guztia ongi ateratzeko 30-40 pertsona ariko dira lanean.