Bihar martxan hasiko da IAT estazioa

Guaixe 2008ko ekainaren 25a

Arbizuko IAT estazioa 525 metro karratuko nabea du eta han daude ibilgailuak aztertzeko bi lineak. Batek, autoak, 3.500 kilora arteko ibilgailu industrialak, quad eta motorrak ikuskatzeko balioko du, besteak, berriz, 40 tona arteko ibilgailuak ikuskatzeko balioko du. Horretaz gain, harrera lekua, bulegoak, biltegia, artxiboa, aldagelak eta komunak ditu. Bihartik 6 langile ariko dira lanean estazioan, 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. Larunbatetan soilik goizez lan eginen dute. Enpresak urtean 20.000 azterketa egitea aurreikusten du.AdierazpenakTÜV Rheinland Navarra, S.A. enpresako ordezkariak esan zuen estazioa Nafarroako Gobernuarekin lortutako akordioari esker egin zela. Arbizun 1,1 milioi euroko inbertsioa egin zutela nabarmendu zuen eta eskerrak eman zizkion alkateari emandako erraztasun guztiengatik. Jesus Mari Mendinueta Urdanoz alkateak adierazi zuen estazioaren irekierarekin "industriaren eta turismoaren alde egindako ahaleginen fruituak ikusten ari gara pixkanaka". Aldi berean, eskerrak eman zizkien Nafarroako Gobernuari, enpresari eta lurra saldu zuten jabeei. Jose Maria Roig Aldasorok esan zuen "herritarrei zerbitzuak gerturatzeko asmoari segituz" egin dela estazioa Arbizun. Azpiegitura berriak "gidariek arriskurik izan ez dezaten" eta "sakandarrei desplazamenduak eragozteko" balioko duela esan zuen. Kontseilariak ziurtatu zuenez, "IAT estazioarekin, Urdiain-Altsasu industrialdearekin eta beste jarduera batzuekin Sakanak denbora gutxian proiekzio handia" izanen du. Kontseilariak ere gogora ekarri zuen bere amaren familia arbizuarra zela. KritikakKontseilariak bere hizketaldian, labur bada ere, aipatu egin zuen IAT estazioa gauzatzeko zenbait arazori egin behar izan diela aurre. Olatzagutiako Udalak azaroan zerbitzua ez onartzeko erabakiaz ari zen. Mustutze ekitaldian izan ziren Marcelino Galparsoro eta Blanca Arza, aurreko legegintzaldian Olatzagutiako Udaleko alkatetza izan zuen talde independenteko kideak. Biek ere "pena" azaldu zuten herriarendako "halako aukerak ez direlako nolanahi sortzen".Biek esan zutenez, egungo udalak hartutako erabakia "akats historikoa da herriarendako, hanka sartzea da". Azaldu zutenez, "dena egina zegoen. 25 urterako zesio kontratua zegoen. Lizentziak emanak zeuden. Lanak, topografiakoak eta, hasiak zeuden. Kamioi aparkaleku inguruan egin behar zen estazioa, baina industrialdea garatzean hara pasako zirela aurreikusia zegoen". Blancak eta Marcelinok esan zutenez, "herriak irabazi egiten zuen".Kokapen harren kontra egungo udaletik argudiatu zen trafiko hazkundea emanen zela. Horren inguruan Blancak eta Marcelinok esan zuten ez dela "zirkulazio indizerik eman" eta "egunero 50 ibilgailuren (gehiagoren) estimazioa" zegoela.