Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jakina denez, Arbizuko Udalak turismoa bulkatzeko egindako apustua handia da: aurri egoeran zegoen Olatzea errota zaharra maila altuko landa hotela bilakatzea. Lanak Construcciones Irumendi eta Luciano Elcarte enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari eman zizkion Udalak, 1.183.106 euroko aurrekontuarekin, eta Nafarroako Gobernuak 774.000 euroko laguntza eman zuen. 2006ko udaran hasi ziren lanak. 11 gelako landa hotela jasotzea zen nahia, bi jantoki eta harrera gunearekin. Hasiera batean errota zaharreko piezak ikusgai jartzeko asmoa zegoen, baina azkenean Olatzea errota zaharra martxan jarriko du Arbizuko udalak. "Orain egiten ez bagenuen, ez genuke sekula ere egingo" zioen Jesus Mari Mendinuetak. Arbizuko alkateak gogora ekarri zuen ideia Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramon Corpasek eman zuela, aurretik Olatzeako lanetara egindako bisita batean. Kontseilaria atzera ere ostiralean izan zen Arbizun, oso aurreratuta dauden lanak gertutik ikusten. Bisitan, besteak beste, Turismoko Zuzendari Nagusi Carlos Erce, Arbizuko alkate, zinegotziak eta idazkaria, Olatzeako proiektuko ingeniari Mikel Martinez de Zuazu, Construcciones Irumendiko Angel Mendieta, Askalats udal enpresako kudeatzaile Maia Miranda eta Cederna-Garalurreko garapen teknikari Susana Mendinueta izan ziren. Errota eta argi indar generadore zaharra laneanArbizukoa labore errota zen. Lanak despeditu eta gero, errotaren harrien mugimendua ikusteko aukera izanen da, landa hotelaren azpian. Leziza ubeldeko urak turbinara bideratu eta haren indarraz errotarriak martxan jarriko dira. Bestalde, Arbizu 1930era arte argi indarraz hornitu zuen generadore zaharraren funtzionamendua ikusteko aukera izanen da. Gainera, antzinako ur kondukzioetako edo ubideetako bi bobeda harlandu ikus daitezke. Errota zaharra eta zentral elektrika zaharra martxan jartzeko egitasmoak hasiera batean aurreikusia ez zegoen 714.000 euroko inbertsioa eskatu dio Arbizuko udalari, horregatik Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turrismoko departamentuari diru laguntza eskatu diote, produktu turistikoetan egindako inbertsio handien deialdian. Laguntza jasotzea espero du Udalak. Logela handiak, politak eta argitsuakArbizuko Olatzea landa hotelak 3 izarreko kategoria izanen du, eta primerako ikuspegi eta bistak. Hotela Arbizuko udalak sortutako Askalats udal enpresak gestionatuko du, baina jantokiaren kudeaketa eman nahi dute. Horretarako deialdia publikatu berri dute. Berreraikuntza lan handia egin da. Iparraldeko fatxadako sei leiho eta sotoa berreskuratu dira, baina gainontzekoa berria da. 11 gela dauzka, bakoitza bere komunarekin, minibarrarekin eta lan egiteko gunearekin. Horietako bi suiteak dira eta hidromasaje-bainuontzia dute. Beste bi gela familiarrak dira, ohe gehigarri edo ohe-sofarekin. Beste gela bat gabeziak dituzten pertsonendako egokitua dago, eta gainontzekoek elkartuta dauden bi ohe dauzkate. Geletaz gain apartamentu txiki bat dago. Guztira, beraz, 30 pertsonendako tokia eskainiko du Olatzeak. Ana Galbete da hotelaren dekorazio lana egiten ari dena. Tonu argiak erabiltzen ari da, "tonu naturalak, beroak... zura horixkak, berdeak...eskualde honek eskatzen duena" bere hitzetan. Antzinako hainbat pieza jarriko dituztela iragarri zuen, tartean sarreran jarriko duten kutxa. Geletan jarriko diren koadroetan Arbizuko argazki zaharrak, Aralarreko dolmenei ateratako argazkiak, herbarioak akuarelak eta beste erabiliko dira. Harrera gela, bezeroendako egongela ederra, guztiz ekipatutako sukaldea, kafetegia eta bi jantoki izanen ditu hotelak. Goikoa txikiagoa izango da, 40 tokikoa, eta behekoa, aldiz, 60 tokikoa. Hain zuzen ere, beheko jantokia sotoan dago, eta bertatik errotaren funtzionamendua ikusteko aukera izanen da. Toki paregabea, beraz. Erakargarri turistiko onaCorpas kontseilariak Olatzea landa hotela sortzea oso ideia ona dela aipatu zuen. Hotelak duen edertasuna aipatzeaz gain, eskualderako oso erakargarri turistiko ona izango dela gaineratu zuen. Nafarroako garapenerako Sakana oso gune inportantea dela nabarmendu zuen kontseilariak, eta Arbizukoaz gain bere departamentuak laguntza eman duen beste proiektu batzuk izan zituen gogoan, Altsasu eta Etxarri Aranazko kultur etxeak eta Uharte Arakilgo Zamartze eta Egiarretako Itxasperriko ermitak kasu. Nafarroako turismo garapen "armonikoa" bulkatu nahi dutela esan zuen, eta udalek egindako esfortzu eta ekimenei laguntza emango dietela.