Arratsaldeko seiak aldera etxea miatzera ekarri zuten arbizuarra. Ordu bateko miaketa ondoren eraman zuten. Etxea zegoen bezala utzi omen zuten. Grande-Marlaska epaileak agindutako atxiloketak direla zabaldu du Askatasuna erakundeak. Hainbat komunikabidek zabaldutakoaren arabera agorrilaren 24an hasitako sarekadarekin lotu dituzte azken 4 atxiloketak. Jakina denez, Xabier Sagardoi eta Luis Goñi atxilotu zituzten Barañainen eta beste bizpahiru lagunen bila ere joan dira Barañainen eta Iruñean. Lau egunez Guardia Zibilaren esku egon ondoren inkomunikatuta deklaratu zuten epailearen aurrean Sagardoik eta Goñik, eta biak baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen Grande Marlaskak Segi-koak, eta, ondorioz, "erakunde terroristako" kideak izatea egotzita. Gainera, kale erasoak leporatzen dizkiete. Bi gazteek torturak salatu dituzte.Askatasunak adierazi duenez, "Nafarroako azken atxilotuek egin dituzten tortura salaketen ondoren, benetako kezka adierazi nahi dugu atxiloketa hauen aurrean". Maitane eta beste 3 emakumeren atxiloketak salatzeko igande arratsaldean manifestazioa egin zen Arbizun. 300dik gora pertsona bildu ziren protestaldian.