Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Ekinekoa izatea leporatu dio epaileak eta ondorioz "erakunde terroristako" kide izatea, Ekin ETAren "aparatu politikotzat" jotzen baitu. Aldi berean, epaileak hondamendi eta kalte "terroristen" erantzule izatea leporatu dio. Madrilgo Soto del Real espetxean sartu zuten. Maitanek senideei esan zienez, inkomunikazio aldian Guardia Zibilek mehatxatu zuten. Maitane Intxaurraga igande eguerdian familiarekin Artzain Egunera zihoala atxilotu zuen Guardia Zibilak. Lakuntza parean bi autok arbizuarren ibilgailua geldiarazi eta kalez jantzitako Guardia Zibilak handik jaitsi eta atxilotuta eraman zuten Maitane. Arratsaldeko seiak aldera etxea miatzera ekarri zuten arbizuarra. Ordu bateko miaketaren ondoren eraman zuten. Etxea zegoen bezala utzi omen zuten eta gauza gutxi batzuk eraman zituzten. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioan aste batean beste 6 pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak Nafarroan.UdalaArbizuko Udalak astelehenean bilkura egin zuen. Maitane Intxaurragari elkartasuna adieraztearekin batera inkomunikazio aldia bertan behera uztea eskatu zuen. Udalak arbizuarrak animatu ditu antolatutako mobilizazioetan parte har dezaten. ProtestakAtxilotuak Guardia Zibilaren esku egon diren bitartean Arbizun informazio-batzarrak egin dira, 20:00etan. Igandean bertan 500 bat lagunek manifestazioa egin zuten. Asteartean ere 240 bat izan ziren protestaldian parte hartu zutenak. Asteazkenean arbizuarraren espetxeratzea gaitzesteko protesta egin zuten Arbizun 400 bat pertsonak. Bestalde, gaur iluntzerako manifestazioa deituta dago Arbizun. Bestalde, Nafarroako Gobernuak aditzera eman zuenez, asteazken gauean aurpegia estalia zuen talde batek 20 bat bidaiari zituen Burundesaren autobusa geldiarazi zuen Arbizun. Iturri beraren arabera kaputxadun batzuk gidaria mehatxatu zuten bitartean besteek autobusean pintaketak egin zituzten. Ondoren Foruzaingoak babestuta ibilbidea bukatu zuen autobusak. ErreakzioakAskatasunak adierazi duenez polizia-operazioa "ezker abertzalearen militante politikoen aurkako operazioa izan da". Errepresioaren kontrako erakundeak "ezker independentistak azken hilabete hauetan jasan duen gerra estrategiaren baitan" kokatu du operazioa. Askatasunak adierazi duenez "gerra estrategia" hori "PSOEk negoziazio prozesuaren porrotaren ondoren diseinatu zuen Euskal Herrian aukera independentistari ateak ixteko". Askatasunak "inkomunikazioa bertan behera uztea" eskatu du. Azkenik, deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du erakundeak. Atxilotutakoen senideek gaur prentsaurrekoan esan dutenez "atxilotuak euren herrietan ezagunak dira kulturaren, kirolaren eta herri honen eskubideen alde egindako lanagatik, eta horregatik atzeman dituzte, ez erakunde terroristako kide izateagatik". Aldi berean, Nafarroako gizartea "isilik" egon dela salatu zuten senideek, eta alderdi politikoen jarrera ere gaitzetsi dute, "ez dutelako ezertxo ere egin gure senideen oinarrizko giza eskubideen alde". ELA sindikatuak eskatu du atxilotutakoek egin dituzten tortura salaketak ikertzeko. Aldi berean, atxilotuendako "errespetuzko tratua eta errugabe direlako presuntzioa aintzat hartzea" eskatu zuen ELAk. Sindikatuak, bide batez, eskatu du "atxilotuak inkomunikatuta edukitzeko aukera ematen duten legeak indargabetzea", eta senideei polizien esku daudenen egoeraren berri ematea.Kale borrokaPolizia-operazioan atxilotutako hiruri kale borrokarekin zerikusia izatea egotzi die Espainiako Barne Ministerioak, eta hainbat ekintza leporatzen dizkie. Horien artean leudeke iazko inozente eguneko Etxarri Aranatz eta Urdiain parean trenbideko katenaria mozketak. Ministerioak aditzera eman duenez operazioa zabalik dago.