Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean Milanen egon zen Juanjo bere lana aurkezten, herenegun Turinen, Erromaren txanda izan zen atzo eta igandean Pontederan izanen den idazleen nazioarteko biltzar batean aurkeztuko du Juanjo Olasagarrek bere lanaren italierazko itzulpena. Itzulpen lana Roberta Gozzi itzultzaileak egin du. Hark Juanjori liburua eskatu zion eta arbizuarrak gaztelaniazko itzulpena (hilaren akaberan plazaratuko du Bassarai argitaletxeak) bidali zion. Gozziri asko gustatu omen zitzaion liburua eta Fabio Cremonesi Gran Via Edizioniko argitaratzaileari utzi zion. Hark ere asko atsegin eta abian jarri zuten itzulpena.Gran Via Edizioni argitaletxea euskal literaturgintzan interesatu da azkenaldian eta besteak beste Basque Anthology..., ingelesez argitaraturiko euskal narrazioen bilduma, eta Unai Elorriagaren bi liburu argitaratu ditu. Koadrila baten istoriaSakanako, Lekunberri Aranazko, koadrila baten istorioa kontatzen du egileak. Hiru lagun Londonera joanen dira, koadrilakoa izandako bat han hil baita. Londonera, hiletara joan diren hiru "adiskideak" elkarrekin haserre daude. Krematoriora iristerakoan trabesti batek eginen die harrera. Denboran atzera begirakoak eginez, Sakanako ezker abertzaleko koadrilaren ibilietan, sentipenetan eta bizimoldeetan arakatuko du irakurleak. Juanjok berak behin baino gehiagotan aipatu duenez, gai aldetik beti idatzi duen liburua da Ezinezko maletak. Batetik, gaztaroaren galera eta, horrekin batera, utopien erorketa. Eta, bestetik, horren ondoren, jendea gauza txikiekin egunero nola moldatzen den eta nola bizitzen den.