Gure bizitza geuk gidatzen dugun galderarekin dator Juanjo Olasagarreren bigarren eleberria

Guaixe 2008ko azaroaren 4a

T (tragediaren poza) nobela publikatu berri du Juanjo Olasagarrek Alberdania argitaletxearekin. Izenburuko t hizki horrek esanahi asko dituela argitu dio Beleixe Irratiari Arbizuko idazleak. Tragedia hitzeko t hizkia da izenburukoa, baita eleberriko protagonistaren, Tereseren, izeneko t hizkia ere. Horretaz gain, greziarrez patua edo halabeharra ere bada eleberriko izenburua, teknologia hitzaren edo kontzeptuaren t hizkia izatearekin batera.   Azken bi kontzeptu horietan oinarrituta, Juanjo Olasagarrek galdera egin dio irakurleari: "guk geuk gidatzen dugu gure bizitza?" Hala, kontzeptu batek guztia jainkoaren eskuetan dagoela adieraziko luke eta, besteak, norberaren eskue dagoela. Olasagarrek Beleixe irratian adierazi zuenez, "guk, belaunaldiagatik eta hezkuntzagatik, bizitza %100 guk gidatzen dugula uste dugu. Ni ohartzen ari naiz orain ezetz. Badago puska bat gure eskutatik kanpo dagoena, gaixotasuna esaterako". NobelaEleberriko protagonistaren, Tereseren, aita gaixo dago. Heriotza iragarria da berea. Olasagarrek Beleixe Irratiari azaldu zuenez "halabeharrez sortu zaio (gaitza), edo zerbait egin ez balu ez zitzaiokeen sortuko? Ez dago erantzunik. Sinisten duzu edo ez. Nik uste dut, ez erdi eta erdi, baina halabeharrak gure bizitzan ikusteko asko duela". Izan ere, Tereseren aita Lekunberri Aranazkoa da (Ezinezko maletak liburuan idazlea ezagun egin zen herri berekoa), baina familiarekin Donostian bizi da. Terese, 21 urteko gaztea, Gasteizko kanpusean tragediari buruzko ikastaro bat egiten ari da, aitaren heriotza iragarriaren tragedia bizi duen aldi berean. Irakaslea Andres Barrutia du, Ermuako Foroko kidea eta bizkartzainen beharra duena, bera ere Lekunberri Aranakoa. Olasagarrek Beleixe Irratiari adierazi zionez "gehiegikeriaz betetako pertsonaia dela esanen dugu". Irakaslearen eta ikaslearen artean harreman esperpentikoa sortuko da. Sormen prozesuaJuanjo Olasagarre aurreneko eleberria bukatu eta urtebetera hasi zen T idazten. Beleixe Irratian aitortu duenez "eleberriaren idazketan gorabeherak izan ditut. Lanagatik utzi behar izan nuen eta berriro hartu nuenean idatzitakoa ez nuen erabat sinisten". Sakanako irrati euskaldunean Olasagarrek esan zuenez, "badirudi bide pixka bat ikusi arte ez dudala argi ikusten nola kontatu". Narratzailearen aukeraketaz ari zen, besteak beste. Halakoak, lagun idazleei kontsultatuz argitzen omen ditu. Egunero egin beharreko lana ere azpimarratu zuen irratiko elkarrizketan. Lanerako "konbentzimendu handiarekin egindako eskema on baten beharraz" ohartua zela gehitu zuen idazleak, "idaztea baino, zailena erabakiak hartzea" omen delako. Dagoeneko hurrengo eleberrirako dokumentazioa biltzen ari dela aurreratu zuen Beleixe Irratian. Poesiaz galdetuta, hartuak dituen apunte batzuk begiratzen hasia dela azaldu zuen, "zer edo zer atera daitekeen tiratzen".