Olatzea landa hotela mustutzeko, aurkezpen bikoitza

Guaixe 2008ko azaroaren 14a

Arbizuko Udalak turismoa sustatzeko oraingoz egin duen apustu handiena mustutzeko garaia heldu da. Olatzea landa hotela errealitatea da dagoeneko eta asteburu honetan haren berri emateko aurkezpen bikoitza antolatu dute udaleko eta landa hoteleko arduradunek. Aurreneko aurkezpena gaur izanen da, 19:30ean. Udaleko ordezkariek ostalaritza azpiegitura berria aurkeztuko diete foru erkidegoko agintariei eta ibarreko enpresariei. Herritarrendako aurkezpena igandean izanen da, 12:45ean. Aurkezpen horretara arbizuar guztiak daude gonbidatuta. ErrotaJakina denez, Olatzea landa hotela garai batean Arbizuko errota hartu zuen tokian jasotzen da. Herriaren memoria historikoa mantendu ahal izateko errotaren azpiegitura zaharrak errespetatu eta zaharberritu dituzte. Guztia eraikinaren ostalaritza erabilerarekin uztartuz. Arbizuko Udalak inbertsioa Nafarroako Gobernuaren 123.337,54 euroko diru-laguntzarekin estali du.