Arbizuko Udalak turismoaren eta industriaren aldeko apustua egin du. Turismoaren aldeko apustuaren emaitza nabariena, Olatzea landa hotela, dagoeneko errealitatea da. Asteburuan mustu dute Arbizuko Udalak sustatu duen ostalaritza azpiegitura. Ia bi urteko lanen ondoren dagoeneko martxan da Olatzea landa hotela.
Arbizuko Udalari bi milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eskatu dio egitasmoa aurrera ateratzeak. Zati handiena udalak berak ordainduko du. Nafarroako Gobernuak, bestalde, 925.337 euroko ekarpena egin du. 802.000 euro eraikinaren zaharberritzerako eta gainontzekoa errota zenaren elementuak berreskuratu eta haien berri ematen duten elementu didaktikoak jartzeko.
Hotela
Harrera gela, bezeroendako egongela ederra, guztiz ekipatutako sukaldea, kafetegia eta bi jantoki ditu landa hotelak. Goikoa txikiagoa da, 40 tokikoa, eta sotoan dagoena, aldiz, 60 tokikoa. Sotoko jangelatik errotaren funtzionamendua ikusteko aukera dago.Horretaz gain, 11 gela dauzka, bakoitza bere komunarekin, minibarrarekin eta lan egiteko gunearekin. Horietako bi suiteak dira eta hidromasajeko-bainuontzia dute. Beste bi gela familiarrak dira, ohe gehigarri edo ohe-sofarekin. Beste gela bat gabeziak dituzten pertsonendako egokitua dago, eta gainontzekoek elkartuta dauden bi ohe dauzkate. Gelez gain apartamentu txiki bat dago. Guztira, beraz, 30 pertsonendako tokia eskaintzen du Olatzea landa hotelak. Dekorazioaz Ana Galbete Martirikorena arduratu da. Hiru izar ditu hotel berriak eta Askalats udal elkarteak kudeatzen du. Hotelean dagon jatetxea Aitor Etxeberria sukaldari altsasuarraren esku dago.
Mustutzea
Jendaurreko aurkezpen asteburua izan du Olatzea landa hotelak. Ostalaritza azpiegitura bisitatzen lehenak ikastetxeetako ikasleak izan ziren. Ostiral arratsaldean herriko ikasle txikienek errota martxan ikusi zuten. Sotoko ur emaria sartzen ikusi zuten lehenik eta ur horrek turbina nola mugiarazten zuen. Ondoren, beheko plantan, arto aleak errotarrira sartu eta gero, irina ateratzen ikusi zuten. Ikasle txikien bisita, merendu batekin bukatu zen.Ostiral iluntzean, berriz, mustutze ofiziala izan zen. Han bildu ziren Sakanako hautetsi eta enpresariak, baita Nafarroako Gobernuko Turismo Produktuen Antolaketa eta Garapen zerbitzuko zuzendari Fermin Villanueva ere.
Igandean, berriz, herritarrendako mustutzea izan zen. Arbizuar ugari joan ziren Olatzea landa hotela ezagutzera. Alkateak errotaren historiaren berri eman zuen, gero, Rafa Goñik zuzentzen duen abesbatzak hiru abesti eder eskaini zituen. Ondoren, idi pareak garraiatutako arto aleak errotan eho zituzten eta landa hotelaren ateak zabaldu zituzten. Arbizuarrek eraikin berria barrutik ezagutzeko parada izan zuten. Ekitaldia auzate batekin bukatu zen.
Zaharberritzea
Errotako turbina lanean jartzeko Lezizako errekako ura errotara eramaten zuen ubidea berreraiki da. Turbina lanean jarrita, errotako-ehotze harria martxan jarriko da. Bestalde, argindarra sortzen duen turbina ere konektatu da ubidera eta martxan jartzeko aukera izanen da. Leziza errekako emaria errota urte guztian martxan egoteko adinakoa ez denez, ura berrerabiltzeko sistema jarri da errotan, putzu eta punpatze azpiegituran oinarri duena. Hoteleko bezeroendako turismo erakargarria izan dadin.
Historia
XX. mendeko jarduera ekonomikoa kooperatiba egitura zuten artisau industria txikiekin sortu zen Arbizun. Industria iraultzak argindarra ekarriko zuen. Arbizu eta Lizarragabengoa argindarraz hornitzeko eta laboreak ehotzeko asmoz zenbait arbizuarrek Molino de Arbizu S.A. kooperatiba sortu zuten 1914ko garilaren 4an. Ubanbe dermioan eraikitako uharkak ematen zien presioa eta emaria ez zen nahikoa beharrezko potentzia lortzeko. Horregatik, Zabalarte dermioan gaitasun handiagoko ur-biltegia eraiki zuten. Hobekuntza lan horien ondoren argindarra sortzen zuen turbina martxan jarri zuten. Errota eta 900 bat herritar hornitzen zituen.
Teknologia berriak eta zentral elektrikoak errotaren gainbehera ekarri zuten, 1950ean itxi zen arte. Kooperatiba desagertu egin zen. 1960ko garilaren 18an errota udalaren eskuetara pasa zen. Orduz geroztik pentsio eta aterpetxe lanak bete zituen errotak, bai herritarrendako baita pasaeran zeudenendako. Baina denborak eta zainketa faltak aurri egoerara eraman zuten eraikina.