Argi-bidea, 40 kandelak itzaltzeko prest

Guaixe 2008ko abenduaren 19a

Argi-bidea gazte elkarteak 1968an ateak zabaldu zituenetik 40 urte joan dira eta urteurrena ospatzeko Arbizuko Gazte Asanbladak omenaldia eginen dio. Asteburu hau aukeratu dute horretarako gazte asanbladako kideek. Argi-bideak "Arbizuko gazteei eta Arbizuri berari emandako guztiagatik" eginen dio omenaldia elkarteari gazte asanbladak.Omenaldiko ekitaldien egitaraua gaur, 18:30ean, elkartean bertan izanen den Euskal Herriaren historiari buruzko hitzaldi batekin hasiko da. Hura bukatuta, 20:00etan, presoen aldeko kontzentrazioan parte hartzera animatu dute. Aatea eta gaztainak izanen dira ere plazan. Gaurko egitaraua Fermin Balentziaren kontzertuarekin despedituko da. Gazte elkartean ariko da kantari, 22:30etik aurrera. Argi-bidea elkarteari egindako omenaldiak bihar segida izanen du. 11:30ean, Txan magoak ikuskizuna eskainiko du elkartean bertan. 14:00etan, herri bazkaria izanen da udaletxean eta, iragarri dutenez, bazkalostean bertsolariak ariko dira kantuan. Bestelako doinuak entzunen dira elkartean 22:30etik aurrera gazte elkartean izanen diren kontzertuetan. Arbizuko Gazte Asanbladak etzirako jubilatuendako gosaria prestatu du, 13:00etatik aurrera banatuko dena. Horretaz gain, 17:00etan, haurrendako bideo emanaldia eta txokolatada prestatu dituzte. Horrekin despedituko dute gazteek haien elkartea omentzeko egitaraua. Atzera begiraArbizuko Gazte Asanbladak azaldu digunez "frankismoak azken arnasak ematen zituen garai haietan, Arbizuko gazteek euren ideiak modu aske eta autogestionatu batean aurrera ateratzeko leku baten beharra ikusi zuten. Horrela hasi zen Arbizuko Argi-Bidea gazte elkartearen aldeko borroka". Arbizuko gazteek lokal bat exijitu zioten udalari, eta hark ezezkoa eman ondoren "liskar gogorrak" hasi ziren. Azkenean, udalak gazteei egoitza eman zien eta Argi-bidea gazte elkarteak 1968an zabaldu zituen ateak. Urteurren data horrekin gogoratzean Arbizuko Gazte Asanbladako kideek gogoan izan dituzte garai bateko gazteak "iada 50 urtetik gorakoak" direnak, baita estatuek "atxilotu eta torturatu" dituzten elkartekideak ere eta preso eta errefuxiatuei "besarkada beroa" bidali die.