Otaegik jantzi zuen II. Mailako Euskadiko Aizkora Txapela

Guaixe 2008ko abenduaren 29a

Arbizuko kiroldegiak II. mailako Euskadiko Aizkora Txapelketaren finala hartu zuen atzo. 280 ikusle inguru bildu ziren finalera heldutako sei aizkolarien lana jarraitzera: Jose Angel Zubiaga (Meoio), Joseba Otaegi (Zizurkil), Fausto Mugertza (Mutriku), Jon Rekondo (Leitza), Luismari Belarra (Doneztebe) eta Joxe Ugarteburu (Ezkio-Itsaso). Azken honek Lasaren tokia hartu zuen, gerriko minak jota baitago. Aizkolariek seina pago-enbor ebaki behar zituzten: bi kanerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko. Hasieratik lehia bizi-bizia izan zen. Belarrak hartu zuen probaren burua, lehen kanaerdikoa ebakita, baina bigarren egurrerako Otaegi zizurkildarrak hartu zuen aurre. Lanerdietan, berriz, Zubiagak hartu zuen aurrea, eta Belarra eta Mugertza atzean geratzen hasi ziren, nabarmen. Azkenaurreko enborrean parean ziharduten Otaegik eta Zubiagak, lehia estuan sartuta, baina azken enborrean, bigarren kanaerdikoan, tinko eutsi zion lehen postuari Otaegik, eta lan guztiak bukatzen azkarrena izan zen (20:46), Jose Angel Zubiagari 20 segundoko aldea atereaz (21:06). Hirugarrena sailkatu zen Ugarteburu (22:36), ostiralean Lasaren ordez ariko zela jakin eta gero eta apenas finala prestatzeko denbora izanik oso lan aipagarria burututa. Laugarrena Mugertza (23:13) izan zen, bosgarrena Rekondo (23:58) eta azkena Belarra (25:17). Joseba Otaegik 25 urte dituela jantzi du Bigarren Mailako Euskadiko Aizkora Txapelketa, iaz III. Mailakoa buruan jarri ondoren. Nolanahi ere txapeldunak adierazi zuen ez zuela espero txapela janztea, besteak beste kanporaketan seigarren sailkatu zelako. "Espero nuen Zubiagak edo Mugertzak irabaztea, eta Lasak azken orduan ez duenez jokatzerik izan beste aukera bat ere baneukan" adierazi zuen txapeldunak. Joseba Otaegi eta Jose Angel Zubiaga hurrengo denboraldian Euskadiko Maila Nagusian ariko dira.