Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Arbizuko Udalak deituta kontzentrazioa egin zen herriko plazan. Palestinarekin elkartasuna. Genozidiorik ez!! leloa zuen udalak deitutako elkarretaratzeak eta pankartaren atzean 150 bat pertsona bildu zituen deialdiak, arbizuarrez gain hainbat sakandar ere. Ordu erdi iraun zuen bilkurak. Hura bukatzean, Jesus Mari Mendinueta alkateak Arbizuko Udalaren izenean agiria irakurri zuen. "Gogorki" salatu zuen udalak "Israel armada Gazan burutzen ari den neurrigabeko erasoa". Aldi berean, Arbizuko Udalak berretsi egin zuen "palestinar eta israeldarren arteko gatazkari konponbidea emateko elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko hautua". Gatazka konpontzeko "tresna egoki bakartzat" jo zuen udalak. Horrekin batera, Arbizuko Udalarendako "salagarria da nazioarteko komunitateak, eta Europar Batasunak bereziki, azaltzen duten isiltasuna eta faltsukeria". 200 elkarte zibil palestinarrek Israeli aurre egiteko modu eraginkor gisa boikota egitea proposatu dute eta horrekin bat egin du Arbizuko Udalak. Bildutakoei ekimen horrekin bat egitea eskatzearekin batera, Palestinari elkartasuna adierazteko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu zuen Arbizuko Udalak. MozioaIazko azken egunean Gazako gertaerak puntu bakartzat zuen pleno berezia egin zuen Arbizuko Udalak. Igandeko kontzentrazioa deitzea erabakitzeaz gain, egun berean udaletxean xingola beltza zuen Palestinako bandera jartzea erabaki zuen. Israel 27az geroztik Gazan egiten ari den "sarraskia" gelditzeko eta nazioarteak "jarrera epelak baztertu eta neurriak hartzeko" eskatu zuen Arbizuko Udalak. Jakina denez, 2005. urtetik Arbizu Palestinako Marda herriarekin senidetuta dago. AltsasuIlbeltzaren bian, bestalde, 80 bat pertsona bildu ziren Altsasun. Askapenak eta Altsasuko Gazte Asanbladak deitutako elkarretaratzeak sarraskiaren aurrean, Israeli boikot! lelopean egin zen. Gazan "Israel estatu terrorista" egiten ari den "sarraskia" salatu zuten eta Israeli boikota egitera deitu zuten.