Aldabidek Berria txapelketan aurrera

Guaixe 2009ko urtarrilaren 22a

Berria pilota txapelketaren barruan ostiral gauean Azpeitiko Ilunperen kontra aritu zen Arbizuko Aldabide, Arbizuko kiroldegian. Ezustea izan zen, inork ez zuelako espero Aldabidek horren erraz irabaziko ziola Ilunperi. Kadeteetan Aldabideko Zelaiak eta Gabirondok 22-11 irabazi zieten Ilunpeko Artolari eta Zabalari; gazteetan Aldabideko Ezkurdia II.a eta Lukin 22-6 nagusitu ziren Ilunpeko Iriondoren eta Murgiondoren aurrean. Eta nagusietan, Aldabideko Ezkurdia I.ak eta Bergerak 16-22 galdu zuten Ilunpeko Larrañagaren eta Uzkudunen kontra. Kadeteetan eta gazteetan nagusiKadeteetan gipuzkoarrak izan ziren aurreratu zirenak, ongi jolastuz, baina zazpinako berdinketatik aurrera Aldabideko Gabirondo suspertu zen, jokoa menderatzen hasi eta euren mesedetara eramanez. Atzelariaren jokoari esker Zelaia jokoan sartu eta tanto ederrak egin zituen, Sakanako bikoak 22-11 irabaziz. Gazteetan neurketak ez zuen ez gatz ez piperrik izan. Aldabideko Ezkurdia II.ak eta Lukinek primerako bikotea direla demostratu zuten, eta erraz irabazi zieten azpeitiarrei. 7-0 aurreratu ziren, eta partida 22-6an utzi zuten. Eta ordura arte Aldabidek izandako nagusitasuna zela eta, nagusien partidak ez zuen batere funtsik izan, nafarrak dagoeneko sailkatuta baitzeuden. Baina hala ere Aldabideko Ezkurdia I.ak eta Bergerak Ilunpeko Larrañagaren eta Uzkudunen kontra jokatutako neurketa estua izan zen. Hamabosna berdinduta ere ibili ziren. Ezkurdia I.ak tanto ederrak eta baita huts galantak egin zituen. Larrañaga partidaren azkenean bizitu zen eta erremate bikainei esker, 22-16 irabazi zuten. Nolanahi ere, Berria txapelketan Aldabidek egin zuen aurrera, bi partida irabazita. Aldabideren hurrengo arerioa, bigarren kanporaketan, Añorga izanen da. Partidak otsailaren 13ko asteburuan jokatuko dira. Bestalde, Irurtzun taldeak Txukun Lakuarekin jokatu beharreko lehia ilbeltzaren azken asteburuan jokatuko da.