Maitane Intxaurraga Uribarri gaur atera da Madrilgo Soto del Real espetxetik. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, arbizuarrak aske gelditzeko 8.000 euroko bermea ordaindu behar izan du. Bost hilabete eta erdi eman ditu preso. Maitane agorrilaren 31n atxilotu zuen Guardia Zibilak, familiarekin Artzain Egunera zihoala. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak aginduta kartzelan sartu zuten Maitane Intxaurraga Uribarri. Nafarroako Ekinekoa izatea leporatu zion epaileak eta ondorioz "erakunde terroristako" kide izatea, Ekin ETAren "aparatu politikotzat" jotzen baitu. Aldi berean, epaileak hondamendi eta kalte "terroristen" erantzule izatea leporatu dio. Hiru egun inkomunikatuta egon zen Maitane eta tratu txarrak salatu zituen.