Lehenengo seiren artean postu onena lortzea izanen du helburu Aldabidek

Guaixe 2009ko otsailaren 24a

Nesken senior maila. 2. fasea. 1-6 postuen multzoa: Aldabide-Orbina (atzeratuta)Arbizuko Aldabide areto futbol taldeko neskek aurten debutatu zuten senior mailan, orain arte jubeniletan ari baitziren. Ahalik eta lan txukunena egitea zen euren asmoa, helburu zehatzik gabe, baina lehendabiziko fasean lan bikaina egin dute arbizuarrek, bigarren tokian sailkatu baitziren, Zalatambor Area 99 liderrarengatik puntu exkax batera. Asteburuan bertan bigarren fasea abiatu zen, eta fase honetan Aldabidekoak 1 eta 6 postuen arteko multzoan ariko dira lehian, Orbina, Txantrea, Union Mutilbera, Cantera eta Zalatambor taldeekin batera. Atzera ere ahalik eta hobekien aritzea da asmoa. Gainontzeko taldeak 7-12 postuen multzoan eta 13-18 postuen multzoan ariko dira. Bigarren faseko lehen jardunaldian Aldabide Orbinaren kontra aritzekoa zen baina inauteriak zirenez partida atzeratzea erabaki zuten. Momentuz Txantrea da liderra, hiru punturekin. Larunbatean Mutiloa Behitiko kiroldegian jokatuko dute Aldabideko neskek, aurreko astean Txantrearen kontra galdu zuen Union Mutilbera taldearen kontra, 16:00etatik aurrera. Ea zer moduko hasiera ematen dioten bigarren faseari.