Saharako IX. Maratoia irabazi du Maitane Txuekak

Guaixe 2009ko otsailaren 24a

Astelehenean munduko 20 herrialde baino gehiagoko 500 atletak parte hartu zuten Saharako El Aaiun eta Smara errefuxiatuen kanpamenduen arteko Saharako IX. Maratoian. Lasterketaren helburua Saharako herriak Aljeriako basamortu gogorrean bizi duen egoera gizarteratu eta salatzea da, eta bertako errefuxiatu kanpamenduetan laguntza humanitarioko proiektuak bideratu ahal izateko diru laguntzak jasotzea. El Aaiun eta Smara kanpamenduen arteko 42 kilometroak egiten azkarrena, gizonezkoetan, Zavan Abd Zarag aljeriarra izan zen (2:46:13). Lasterketan argi geratu zen basamortuko zirkuitu gogorretan aljeriarrak izan zirela hobeto moldatu zirenak. Lehen euskalduna Munduko eta Europako maratoi txapelduna izandako Martin Fiz gasteiztarra izan zen, helmugara bederatzigarrena helduta, eskuineko hankako biki muskuluan lesioa izan eta gero. Fizek lehendabiziko aldiz korritu zuen basamortuan eta atleta aljeriarren nagusitasuna azpimarratu zuen. "Hasieratik oso erritmo indartsua ezarri dute" nabarmendu zuen. Eskuin hankan izandako arazoengatik ezin izan zuen garaipenerako borrokatu. Saharako bandera eskuan zuela iritsi zen helmugara, eta lasterketa "oso gogorra baina oso polita" izan zela aipatu zuen. "Dena den inportanteena Saharako herriaren kausaren alde egitea da. Gure esfortzua ez da ezer herri honek duela 34 urte egiten duenarekin alderatuta" azpimarratu zuen Fizek. Izan ere oso gogorra da Saharako maratoia. Basamortuan aritzea, bero galantarekin eta haizeak jotzen duela, ez da nolanahikoa, eta une oro area eta harriak ikusteak alde psikologikoan ere eragina du. Horregatik maratoian parte hartu eta emakumezkoetan irabazi zuen Maitane Txueka arbizuarraren meritua azpimarratzekoa da. 28 urte dituen Maitane Txueka zenbait kiroletan aritu izan da, tartean trontzan, herri kiroletan, mendian eta baita atletismoan ere, baina distantzia txikiko probetan. Hortaz, lehenengo aldiz maratoi batean parte hartzea, eta ez edonolakoan, eta gainera irabaztea, ez da egunero gertatzen den zerbait. Are gehiago bera mendizalea dela eta maratoia bezalako proba batek planifikazio handia eskatzen duela kontuan hartuta. "Ez nuen inola ere irabaztea espero, baina erritmo ona hartu nuen eta zenbait kidek lagundu ninduten. Oso kontentu nago sorpresa honekin, ni ez bainaiz atleta, mendizalea baizik" zioen arbizuarrak. Txuekaren denbora lau ordu, 16 minutu eta 15 segundokoa izan zen, eta Tracy Uqhart kanadarra menpean hartzea lortu zuen. Maratoi erdian, 21 kilometroko proban, gizonezkoetan Sakhri Azzddine aljeriarra izan zen azkarrena (1:14:43), eta emakumezkoetan Maria Dolores Jimenez espainiarra.