Ibilbideak eta irin-fabrika, udalaren turismo egitasmo berriak

Guaixe 2009ko martxoaren 9a

Arbizuko Udalak hiru egitasmo aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuaren azpiegitura turistikoendako laguntza deialdian. Hauek dira hiru egitasmoak: Lezizako ubelde bazterreko ibilbidea luzatzea, beheko basoko bordak lotuko dituen ibilbidea sortzea eta Olatzea hotelaren ondoan irin-fabrikak nola lan egiten zuen erakustea. Ubelde bazterreanNegu hasieran despeditu zituzten Leziza ubelde bazterrean pasealekua egiteko lanak. Olatzea hotela eta Akerrauntza auzo lotzen ditu 361 metroko ibilbideak. Horretarako 8 metro luzeko zubia ere eraiki zen. Aisialdi gune berriak turismoa erakartzeko balio du, baina baita arbizuarren mugikortasuna hobetzeko, errepidetik urrun baitaude. Udalaren asmoa da ibilbide horri segida ematea eta Akerrautzatik eliza parean dagoen markesinara arteko zatia egitea. Ibilbideak zati handiena ubeldearen eskuin aldean eginen luke eta errepidetik gertu batetik bestera gurutzatzeko zubi berri bat eraikiko litzateke. Lanek 60.617,52 euroko aurrekontua dute eta laguntza lortuz gero udalak %30 ordaindu beharko luke. Bordatik borda2007. urte hasieran Arbizuko Udalak Kultur Ondarea Zaintzeko eta Berreskuratzeko III. lehiaketako aipamena jaso zuen urtero herriko borda bat berritzeko egitasmoa sarituz. 2005ean Sandindegiko borda berritu zuen udalak, 2006an Herriyan borda. Ondoren etorri zen Arta ahakarreko bordaren konponketa. Mezeengo bordaren konponketa falta da soilik eta aurten izan daiteke bere txanda. Lan hori eta beste zenbait biltzen dira Aralarren magalean dauden lau bordak lotuko dituen ibilbidean. 13.700 metro izanen ditu bideak eta Loinaztik abidatuko da. Hura egoki seinaleztatu, informazio panela, 5 atseden-gune eta aipatu bordaren konponketak 129.594,57 euroko inbertsioa eskatzen du. Egitasmoa gauzatuko balitz, Arbizu iparraldeko ibilbide hori hegoaldean, Maiza eta Mundiño aldera daudenen osagarri litzateke. Irin-fabrikaArbizuko Udalak diruz laguntzeko aurkeztutako azken egitasmoa irin-fabrikarena da. Etxarri Aranazko harineran etxeko makineria eskuratu zuen udalak eta haren asmoa da hura erakusteko eraikin bat egitea. Olatzea hotelaren ondoan jasoko litzateke eraikina eta haren barruan irin-fabrikako makinaria ikusgai izanen zen. Hiru urtetan garatzeko egitasmoa litzateke eta 837.358,11 euroko aurrekontua izanen luke.