316 herritarrek udalak AHTri buruzko herri galdeketari babesa emateko eskatu dute

Guaixe 2009ko apirilaren 1a

Arbizuko AHT Gelditu! Elkarlanak larunbat eguerdian jakinarazi zuenez, 316 arbizuarren sinadurak bildu dituzte. Sinatzaile guztiek udalari eskatzen diote maiatzaren 17rako Arbizun iragarri den herri galdeketari babesa emateko. AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek azaldu zutenez, bildutako 316 sinadurak "zentsuaren %40tik gora" dira eta etxeen %70 inguruk babesa eman zion. Aldi berean, Elkarlaneko kideek herri galdeketan "iritzia ematera" deitu zituzten. Agerraldi jendetsuan eman zituen Elkarlanak datu horiek. Nabarmendu zuenez,"Nafarroako Gobernua sekulako ahalegina egiten ari da benetako informazioa herritarrengana ez iristeko eta parte hartze edo eztabaida ezerezean gelditzeko". Horregatik, AHT Gelditu! Elkarlanak "sinadura bilketa egin du, arbizuarren atxikimendua jasotzeko eta herritarren iritzia entzun eta errespetua izan dadin eskatzeko".AHT egitasmoaren finantziazioa "nafar bakoitzari 5.000 euro kostatuko" litzaigukeela azaldu zuen Elkarlanak. Krisi garaian "AHT bezalako proiektu antisozialak eraikitzea guztiz onartezina dela" esan zuten eta azpimarratu zuten "amalurrari konponezinezko kaltea egiteaz gain", ez lituzkeela "gaur egungo trafiko eta garraio arazoak konponduko".