Arbizun kanpin bat egiteko egitasmoa aurrera eraman nahi duen enpresak, Beriain Azpia SL, beharrezko baimenak biltzen jarraitzen du. Dagoeneko administrazio prozedura luzearen bukaera gertu omen dago. Jesus Maria Reparaz Araña eta Lucas Petriati Ijurra arbizuarrak, eta Aitor Karasatorre Muguruza eta Imanol Erauskin Huitzi etxarriarrak dira Arbizuko kanpinaren egitasmoaren sustatzaileak. Arbizutik Ergoiena doan errepidearen eskuin aldean kokatuko da kanpina, Arbizuko lurretan. Kanpina 120.000 metro karratuko lur eremuan jasotzea aurreikusi dute eta 1,2 milioi euroko inbertsioa eskatuko die. Lehen mailako kanpina egin nahi dute bazkideek, mila bat pertsonendako tokia izanen duena. Bazkideak berak izanen dira kanpina eraikiko dutenak, Tafallako Iñaki Urkia arkitektoaren egitasmoari jarraituz. Iñaki bio eraikuntzan itzal handia duen aditua da eta energia berriztagarrien inguruan hainbat lan idatzitakoa. Beharrezko baimen guztiak jaso ondoren hasiko dira lanak. Ordutik hasita urte bateko epean kanpina egina egotea espero dute sustatzaileek. Aurreikusitako zerbitzu guztiak ez dira hasieratik eskainiko, epeka ezartzen joanen baitira. Heldu den urtean berriro jarri beharko dituztenak, kanpineko perimetroa markatzen zuten zuhaitzak izanen dira, bakarren batek moztu egin dituelako. Bestela, kanpin barruan bertako beste 2.000 bat zuhaitz egonen dira. EraikinakKanpinak izanen dituen eraikin guztiak zurezkoak izanen dira eta hegoaldera begira egonen dira. Horretaz gain, eraikinek inguruan portxea izanen dute. Arbizuko kanpineko bereizgarrietako bat izanen da ahotza erabiliko dutela isolatzeko, hotz-berotik babesteko. Bestalde, kanpineko eraikin guztiak biomasa erabiliko duen galdara baten bidez berotuko dira. Galdarak erregai gisa Erriberako oliba hezurrak erabiliko ditu. JarraipenaKanpina egin gabe badago ere, sustatzaileen dagoeneko 50 bat aurre erreserba jaso dituzte. Interesatuek www.campingarbizu.com helbidera jo dezakete. Bestalde, hilabete barru, web orri berean blog-a zabalduko dute. Haren bidez lanak hasten direnean, haien jarraipena egiteko aukera izanen da. Planoekin batera, elkarrizketak eta bestelakoak gehituko dituzte. Kanpinaren atalak(A) Harrera. Eraikin horrek harrera gela, bulegoa, denda, biltegia eta artxiboa izanen ditu. (2) Bungalowak. 30 bat eraikiko dira. Bungalowek ikerketa bat egiteko aukera emanen dute. Izan ere, bakoitzean isolatzaile mota bat jarriko dute, proba egiteko eta bakoitzaren onurak zein diren jakiteko. Danimarkako enpresa bat, Logic & Co, sakandarren aholkularia izanen da. Horretaz gain, bungalowetako bat ere eraikiko du. Bungalowen eremuaren inguruan errepide bat egonen da eta haren aldamenean autoak aparkatzeko aukera izanen da, baina ez autoarekin bungalow eremura sartzeko. (3) Karabanen gordetokia. 100 karabana eta autokarabana estalpean (paretarik gabe) gordetzeko tokia izanen du. Aldamenean garbiketa eta bestelako zerbitzu komunak emanen dizkien eraikina izanen da (I).(Da, B, C, E) Eraikin nagusia. D baten itxura izanen du. Han kokatuko dira taberna, jatetxea, aterpea, aterpeko jatetxea, erabilera anitzeko gela, komunak, sukaldea eta biltegia. Erdian, gainera, patio bat izanen du. Kanpineko gainontzeko eraikinek ez bezala, teilatuan teilak izan beharrean estalki berdea izanen du. Eraikin hori kanpinaren sustatzaileek Danimarkan ezagutu duten berogailu sistema batekin berotuko dute: labe finlandiarra. Egunean behin sua egin eta material batek berotasun guztia hartzen du, ondoren irradiatuko duena. (Dm) Motela. Seina gela duten lau modulu egonen dira. Gelak bi pertsonendako dira.(L) Igerilekua. Naturalizatuta egonen da. Urmael baten modukoa izanen da, baina bertan bainatzeko aukera emanen du. Soberan duen ura errekara garbi isuriko da. (F) Aldagelak. Igerileku ondoan dauden gizon eta emakumeendako aldagelak. Horretaz gain, bien erdian, eraikin barruan, sauna bat izanen da. Kanpoko aldean, berriz, tenperatura ezberdinetan egonen diren ur beroko lau putzu izanen dira. (H, 7, G) Granja eta energia berriztagarrien tailerra. Animaliendako granja txiki batekin batera eko-baratzak izanen ditu Arbizuko kanpinak. Haien ondoan energia berriztagarrien tailerra eta biltegia (G) egonen dira. Kanpineko sustatzaileen asmoa da urte guztian zehar ikastetxeei eskaintzak egitea hainbat jardueratan parte hartu dezaten. Baratzeen eskaintza helduei ere zuzenduko zaie. Arlo horretan Gaspar Caballero de Segovia aditua dute aholkulari eta diseinatzaile. (4) Aparkalekua. (5) Mobil home gunea. 140 metro karratuko 50 partzela izanen ditu kanpinak. (6) Akanpada gunea. Kanpin-denda, erremolke edota karabanekin joaten direnendako tokia. 70 metro karratuko 100 partzela izanen dira. (J, K) Komunak eta bero zentrala. Komunek besteengandik bereziko dituen sistema bat izanen dute. Erabilitako ur beroa zuzenean araztegira joan beharrean, zirkuitu batean sartuko da eta iturrira doan ur beroko hodia berotzeko erabiliko da. Horrela ura berotzen energia aurreztuko da. (8) Kirol eremua. Kirolak praktikatzeko eremua prestatuko dute kanpineko arduradunek.