Arbizuko XIV. Duatloia, igandean

Guaixe 2009ko apirilaren 24a

Arbizuko udalak, Sakanako Triatloi Taldearen eta Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin Arbizuko XIV. Duatloia antolatu du igandean, hilak 26. Ekitaldia asteartean aurkeztu zuten Arbizuko udaleko kirol eta euskara teknikari Fran Arañak eta Gorka Iriartek, Sakana Triatloi Taldeko Mikel Lakuntzarekin batera.  Orain arte larunbatarekin antolatzen zen Arbizuko duatloia, baina aurten igandean izanen da. "Hasieran apirilaren 19an egin nahi genuen baina Foralei data konfirmatzerakoan data horretan eurek ezin zirela egon esan ziguten. 25era atzeratu genuen baina azkenean Arrigorriagakoei fabore bat egiteagatik igandera aldatu genuen data. Arrigorriagakoek distantzia luzeko proba antolatzen dute eta igandea motz geratzen zaie. Orduan eurek larunbatean antolatuko dute duatloi proba eta guk igandean" azaldu zuen Sakana Triatloi Taldeko Mikel Lakuntzak. Eta hori ez da aldaketa bakarra izango, orain arte Euskadiko Triatloi Zirkuiturako proba puntuagarria baitzen Arbizukoa, baina nahiz eta aurten Euskadiko egutegian egon eta Euskadiko federazioak proba antolatzeko babesa eman - epaileak eta beste baliabideak jarriaz - , ez da puntuagarria izango, lege kontuak direla medio. "Arbizuko proba antolatzen hasi ginenean Nafarroan ez zegoen triatloi federaziorik eta Euskadikoarekin hasi ginen lanean eta eurekin jarraitu dugu orain arte. Entzuten da akaso Euskadiko eta Nafarroako federazioek adostutako egutegia aurkeztu ahal dutela hurrengo urterako baina ez dago ezer ziurtatzerik" azaldu zuten aurkezpenean. Guztira 45 kmIgandean 11:00etan abiatuko da Arbizuko XIV. Duatloia, eta ohiko ibilbidea izango du. Boxak Arbizuko plazan kokatuta egonen dira eta irteera ere plaza parean izanen da, Kale Nagusian. Herrian barna 4 kilometroko zirkuitu bat prestatu dute, eta hasieran zirkuitu horri bi buelta eman beharko zaizkio korrika, 8 kilometro eginez. Ondoren, bizikleta hartu eta 32 kilometro eginen dituzte, Kale Nagusitik abiatu, Lizarragako Katera igo eta Etxarritik barna Arbizura helduz. Bukatzeko, txirrindula boxetan utzi eta herriko zirkuituari buelta bat emanen diote, 4 kilometro eginez. Helmuga eskolen parean egonen da. Proba polita da, baina gogorra, tartean Lizarragako Katea baitago. Proba jarraitzeko toki aproposenak herriko edozein txoko eta Lizarragako Katea dira. "Duatloia bitartean ez da bidea itxiko, eta Foralak probaren aurretik eta ondoren joango dira, arazorik ez egoteko, baina ondoko herritarrei kontuz ibiltzeko deia egiten diegu" nabarmendu zuten antolatzaileek.200 duatletendako tokiaAurretik izena emateko epea ostegunean despeditu zen Euskadiko Triatloi Federazioko www.triatloi.org web orrian. Gehienez ere 200 duatletendako tokia dago, eta plazak soberan egonez gero federatuta dauden kirolariek egunean bertan izena emateko aukera izango dute. Dortsal banaketa Arbizuko Eskoletan eginen da, larunbatean, 16:00etatik 18:00etara, eta igandean, 9:00etatik aurrera. Boxak igandean zabalduko dira, 9:45ean. Epaileek orduan ere hasiko dute materialen kontrola, parte-hartzaile guztiek pasa beharko dutena. Arbizuko kiroldegia ere zabalik egonen da 9:00etatik aurrera, aldagela eta dutxa zerbitzuekin. Ordu biak baino lehen proba bukatutzat emanen da, eta ordubietan sari banaketa eginen da Arbizuko plazan. Ondoren, 14:15ean auzatea izanen da Aldabide elkartean. DuatletakLarunbatean Arrigorriagako duatloia jokatuko da, eta igandean, Arbizuko duatloiaz gain Espainiako duatloi txapelketa dago jokoan Galizian. Hala ere parte-hartze ederra izanen da Arbizun. "Australia eta Ozeaniako txapeldun James Attard Arbizun izango da, Patxi Urizar ere ez da faltako eta Lagunak taldeko David Colchero ere izanen da, nahiz eta Lagunak taldeko duatleta asko Espainiako txapelketara joan. Iparraldetik 10-12ren bat etorriko dira, tartean Olivier Reig, eta baita ere David San Martin eta ironmana irabazi izan duen Andoni Larramendi. Emakumezkoetan Erkuden Almagro eta Sigrid Picq azpimarra ditzakegu" azaldu zuen Mikel Lakuntzak. Jakina, Sakana Triatloi taldeko kideak eta beste taldeetan edo independiente modura ariko diren sakandarrak ez dira faltako. Bizikleta ederra zozketatuko duteArbizuko duatloiak sari ederrak izango ditu. Lehenengo gizonak eta emakumeak 200 euro eta garaikurra jasoko dituzte, bigarrenek 150 euro eta garaikurra eta hirugarrenek 100 euro eta garaikurra. Horretaz gain, 23 urtez azpiko, junior mailako eta beterano mailako lehen gizon eta emakumeek 100 euro eta garaikurra jasoko dituzte. Sakanako lehenek eta Arbizuko lehenek 100 euro eta garaikurra jasoko dituzte, eta talde onenak garaikurra emamen du etxera.  Horretaz gain parte-hartzaile guztiek kamiseta jasoko dute oroigarri, Arbizuko gazta puska bat eta bertako txistorrarekin batera. Gainera, guztien artean herriko produktuen loteak zozketatuko dira - txuletak, gaztak, txistorrak... - eta baita bizikleta eder bat ere. "Razesa etxeak urtero koadro bat ematen zigun, eta aurten karbonozko koadro bikaina eman digu. Antolakuntzak diru zati bat jartzea erabaki zuen, bizikleta osoa muntatzeko, eta horrela Razesa etxeko erlojupekorako primerako bizikleta zozketatuko dugu duatleta guztien artean" azaldu zuen Mikel Lakuntzak.