Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zoriontzeko moduan daude Arbizuko Aldabide Kirol Taldeko haur mailako neskak. Nesken haur mailako txapelketako ligako azken jardunaldia asteburuan jokatu zen, eta Aldabideko neskak lehiatu diren 17 talderen artean txapeldunordeak izan dira. "Harro eta pozik sentitzen gara sailkapen honekin, ondoan izan ditugun lehiakideen taldeen egitura, ekonomia eta giza baliabideak gure taldearenak baino hobeak direla ikusita" diote Aldabide elkarteko ordezkariek. Neskek lan bikaina egin dute, buru-belarri aritu baitira txapelketan. Gainera, haur mailako neskek izandako portaera nabarmendu nahi izan dute taldeko arduradunek, eta hemendik aurrera ere adiskidetasun jarrera bera mantentzera animatzen diete. Aldabide Kirol Taldeak zorionik beroenak eman nahi dizkie taldekide guztiei eta aipamen berezia egin nahi diete Mikel eta Nuria entrenatzaileei, "beraien lanik gabe ez baitzen hau guztia gauzatu ahal izanen". Argazkian Mikel eta Nuria entrenatzaileak ageri dira, Lur, Garazi, Ane, Iratxe, Sonia, Amagoia, Itziar eta Olaia jokalariekin batera. Horretaz gain, Aldabideko nesken haurren taldeko hiru neska Nafarroako selekzioarekin aritu ziren Espainiako Txapelketan lehian, Benicassimen. Laugarren postua lortu zuten eta kiroltasun trofeoa, eta horregatik guztiagatik ere zoriondu nahi dituzte. Bestalde, asteburu honetan despedituko da senior mailako nesken areto futbol txapelketa. Senior mailako Aldabideko neskak bigarren fasean murgilduta daude, 1 eta 6 postuak erabakitzeko lehian. Ea zein postutan despeditzen duten liga.