Juanjo Olasagarre euskal poesiaren historian

Guaixe 2009ko maiatzaren 5a

Azken urtetako euskal poesiaren historia liburuki batean bildu du Jon Kortazarrek zuzendutako lan taldeak. EHU-ko katedradun eta idazlearen zuzendaritzapean, 1975etik 2002ra arteko euskal poesiaren ibilbidea aztertu dute Egungo euskal poesiaren historia izeneko liburuan. EHU-k argitaratutako liburuak bi zati ditu: Lehen zatian 1975etik 2002ra arteko euskal poesiaren ibilbidea aztertzen da, generoak izan dituen argiak eta ilunak azalduz. Bigarren atalean, berriz, 23 libururen ikerketa zehatza egiten da, Bernardo Atxagaren Etiopia (1978) garrantzitsuarekin hasi eta Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik (2001) liburuarekin amaituz. Euskal poetarik apartenak aipatzen ditu liburu honek, egile klasikoak, horien jarraitzaileak, garai berriko zantzuak eta izan berriak bereiztuz. Azken atal honetan sartu dute Juanjo Olasagarre. Arbizuarraren Bizi puskak poesia liburua ikertu du Ur Apalategik. Poesia historia liburu hau nobelari buruzko liburuaren ondotik dator. Euskal nobela eta zinemaren arteko harremanari buruzko liburua eta euskal ipuingintzarena ere sarri argitaratuko dituztela iragarri du EHU-k.