Oinezen aldeko jaialdia bihar Arbizun

Guaixe 2009ko maiatzaren 22a

Pilota zaletuak zorteko dira, goi mailako pilotariak Sakanan lanean ikusteko aukera izango baita. Izan ere, Nafarroa Oinezen aldeko pilota jaialdia prestatu da bihar, maiatzaren 23an, larunbatean, 22:00etatik aurrera Arbizuko kiroldegian. Aspek antolatu du jaialdia eta enpresa horretan lanean dauden pilotari sakandarrak lanean ikusteko aukera izango da. Lehenik eta behin, Cabrerizok Galartza VI. atzelariarekin osatuko du bikoa, Larralderen eta Merinoren kontra egiteko. Hasieran Satrustegiko Alberto Ongay aritzekoa zen, baina Estatu Batuetan dagoenez Cabrerizok hartu du haren tokian. Eta estelarrean bi etxarriar elkarren kontra ariko dira. Zubietaren bikoa Titin izanen da, eta Oscar Lasa eta Sebastian Gonzalez izango dituzte arerio. SalpuntuakSarrerak salgai daude 25 euroan, Arbizuko kiroldegiko tabernan eta Etxarri Aranazko eta Iruñeko Nafarroa Oinez dendetan. Gainera, dendetan erosiz gero, hiru sarrera erosteko aukera izango da beherapenarekin, hau da, 66 euroren truke. Partida egunean bertan ere sarrerak erosteko aukera izanen da txarteldegian.