Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arbizuko Udalak aurten 6.445.434,24 euroko aurrekontua izanen du. Horietatik 5.609.005 euro inbertsiotara bideratuko ditu udalak. Aurten hastea aurreikusitako lanen artean nabarmenetako bat 0 eta 3 urteko haurrendako eskolarena da. 800.000 euro bideratu ditu udalak haur eskolarako. Jesus Mari Mendinueta alkateak esan digunez Olatzean jasoko da ikastetxe berria, etxeen ondoan dagoen lur dotazionalean. Solairu bakarra izanen du ikastetxe berriak eta 800 metro karratu baino gehiagoko azalera hartuko du. Lanak urriaren bukaeran hastea aurreikusi da eta bi udalen asmoa da 2010-2011 ikasturterako zabaltzea.Hasiera batean ikastetxe hori Lakuntzan, eskola laboralak hartu zituen eraikinean egitekoa zen. Jesus Marik azaldu digunez, "eraikina hainbat herriren jabetza da eta han halako inbertsioa egitea ez zuten egoki ikusi lakuntzarrek. Arbizun egitea proposatu ziguten eta hala eginen dugu". Bi udalek adostu dutenaren arabera 0 eta 3 urte arteko ikastetxearen lanen %80a Arbizuk ordainduko du eta %20a Lakuntzak. Ikastetxe berriaren eraikuntzaren %65 diru-laguntzek ordaintzea espero dute udalek. EskolaArbizuko alkateak jakinarazi digunez, aurrekontuan lur erosketetarako aurreikusitako 500.000 euroko diru-sailak bi helburu izanen ditu. Batetik, lur urbanizagarria erostea eta, bestetik, eskola berrirako lurrak erostea. Izan ere, ikastetxe publiko berriko lanak heldu den urtean hasiko ditu Hezkuntza Departamentuak. Ordurako udalak lurrak izan behar ditu. HirigintzaArbizuko Udalaren aurrekontuan herritarrek garatzea eskatu duten lau unitateren urbanizazio lanetarako diru-sailak daude. Beldarrin erreka unitatean babes ofizialeko etxebizitzak eginen dira eta hura urbanizatzeko 264.300 euro izanen dira. Han bertan dagoen San Joango bidea estatuko funtsaren bidez urbanizatuko da. Excavaciones Olloquiegui SA enpresak eginen ditu lanak, 180.635 euroren truke. Bestalde, Beriain azpiaren parean dagoen unitatea urbanizatzeko 260.000 euro bideratu ditu udalak. Akerruntza inguruan ere 13 eta 16. unitateak urbanizatuko dira. Batek 280.000 euroko inbertsioa eskatzen du eta besteak 350.000 eurokoa. Bestalde, hirigintza plan berria berridazteko iaz hasitako lanak aurrera jarraitzen dute. Dagoeneko udalaren esku dago zirriborroa. Jesus Mari Mendinuetak jakinarazi digunez, udalaren asmoa da San Juanak bitartean batzarrak egitea zirriborroari ekarpenak edo zuzenketak egin eta gero Nafarroako Gobernura bidaltzeko. Agiriak azken oniritzia heldu den urtean jasoko luke.LiburutegiaUdaletxearen ganbaragoikoan egokitu nahi du udalak kultur ekipamendua eta horretarako 100.000 euro bideratu ditu. Dagoeneko berogailua jarrita dago eta irisgarritasun arazorik ez dago, igogailua baitago. Neguan zabaltzea aurreikusten da. Bestalde, Aralar magalean dauden bordak lotuko dituzten mendi bideak egokitzen hasiak dira. 60.000 euroko aurrekontua dute lanek eta ekaina despeditu aurretik bukatuko dira. Bestalde, Mezeengo borda konpontzeko lanak diru-laguntza jasotzearen menpe daude. Egoera berean daude irindegi (800.000 euro) eta zentral elektrikoaren (50.000 euro) lanak. Beste diru-sailakIndustrialdearen urbanizazioa 1.500.000 euroMendiko bide eta baso hobekuntzak 180.000 euroKiroldegiko lanak 100.000 euroAskalatsen ekarpena 60.000 euro