Bihar, Aldabide Eguna

Guaixe 2009ko maiatzaren 22a

Aldabide elkarteak biharkoan bere eguna ospatuko du. Elkarteak prestatu duen egitaraua herriari zabaldu dio eta adin guztietako arbizuarrak parte hartzera animatu ditu. Aldabide Eguna herriko hainbat iturri lotuko dituen ibilbidearekin hasiko da 9:30ean, plazatik abiatuta. Trosketa, Zupaate, Kaxarna eta bestelako iturriak bisitatuko dituzte ibilbide horretan, han-hemenka geldialdiak eginez eta azalpenak emateko. Aldabidekoek azaldu dutenez, "guztien ekarpenak eskertuko ditugu, bitxikeriak, ezagupenak, ohiturak, herrikoen anekdotak... Arbizuko historiaz denok ere gehiago jakiteko" azalpenak partekatzera gonbidatu dute.Goizeko ibilbidearen ondoren, 13:00etan, plazan sagardo kupelak zabaldu eta txistorra eta gazta banatuko dira. Bazkaria izanen da segituan eta bazkal-buruan kantu jaialdia iragarri dute Aldabidetik. Egitaraua haurrendako izanen diren herri kirolekin despedituko da.