Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arbizuko Udalak asteartean salatu zuen "udalbatzak azken hilabeteetan Guardia Civilaren aldetik jasandako presio eta mehatxuak". Udal ordezkariek azaldu zutenez, pankartei eta muralei "argazkiak atera eta Espainiako Audientzia Nazionalera bidaltzeaz gain, Guardia Civilak telefono deiak eta etxe zein udaletxera etorri dira propaganda kentzeko exijentziekin, behin eta berriro, Alderdien Legearen izenean". Gertaerak azken aldian maizago izan dira. Gertaeren berri emateko asteartean prentsaurrekoa egin zuten Iosu Miren Mendinueta alkateak eta Fran Araña, Fran Balda eta Gorka Iriarte zinegotziek. Zehaztu zutenez maiatzaren 9an, Abiadura Handiko Trenari buruzko galdeketaren aurreko astean, SEGI erakundearen 3 pankarta eta ETAren anagrama zuen mural baten eta harri landu baten inguruan eskaera egin zion Guardia Civilak udalari: "urgentziaz" pankartak kendu eta haiei emateko. Horretaz gain, anagrama agertzen den murala eta harri landua kentzeko eskatu zuen Guardia Civilak, "lege debekuak ez jarraitzeko". Espainiako Audientzia Nazionaleko zaintza epaitegia jakinaren gainean jarri zutela ere gaineratu zuten. Udal langileek jai zutenez, murala gerora ezabatu zen. Pankartetako bat Guardia Civilak eraman zuen eta, gainontzekoak, haizeak. MozioaArbizuko Udalak mozioa onartu zuen, zeinetan "errespetua" adierazi zuen "adierazpen askatasuna eta hori garatzeko erabili beharreko propaganda tresnekiko". Alderdien legeak "herritar askoren eskubide zibil eta politikoak ito nahi" dituela zehaztu ondoren, udala "presionatzeko" erabili nahi dutela nabarmendu ondoren, udalak bere "irizpide ideologiko-politikoetan oinarrituta lan egiten" dutela berretsi du. Guardia Civila ez dela "ongi etorria" gaineratzen da. Udalak "salaketa publiko egiteko beharra ikusi" du, jendea jakinaren gainean egoteko eta "mobilizazio eta protesta ekimenak antolatzeko beharrean ikusten bada herrien babesa jaso dezan".