Embutidos Arbizuk egiten duen txistorra Nafarroako 15 Produktu Onenen artean dago eta horregatik Tuterako Nekazaritza Elikagaien Hiriaren akzesita jaso zuen. Sarituen artean ahatekiak, mermelada, gazta, ardoa eta beste ekoizten zuten enpresak zeuden. Guztiek akzesit bana jaso zuten, pasa den astean ospatu zen Navarra Gourmet-Bizi Barazkiak Nazioarteko Kongresuaren barruan. Guztira ehundik gora enpresa aurkeztu ziren Nafarroako Produktuen Onenen izendapena jasotzera. Rafael Garcia Santos kritikari gastronomikoa buru zuen epaimahaiak itsu-itsuan egindako dastatzean puntuazio sistema homogeneoa erabili zuen eta, hala, aukeratu ziren sarituak. Nafarroako Produktu Onenaren aipamena lortzeaz gain, Embutidos Arbizuk ekoizten duen txistorra dastatzeko eman zuen Navarra Gourmet kongresua iraun zuen hiru egunetako arratsaldeetan. AlimentaAipatu kongresuaren barruan, Alimenta 2009 enpresa topaketa ospatu zen. Nekazaritzako elikagaien industriako 63 enpresa nafarrek parte hartu dute topaketan. Han egon zen Embutidos Arbizu ere. 4 kontinenteetako 56 inportatzaileren bisita jasoko zuten arbizuarrek eta harremanak egin zituzten Dubai, Ingalaterra, Kanada, Alemania, Frantzia, Belgika, Luxemburgo, Holanda eta Suediako inportatzaileekin eta orain akordioak lotu beharko dituzte. Enpresako nagusi diren Mari Carmen Arbizu, Patxi Goikoetxea eta Ainara Goikoetxea sariarekin "pozik" zeuden. Eta Alimentan egindako harremanekin ere. Jakinarazi zigutenez, aurretik Filipinak, Portugal eta Errusiara bidaltzen zituzten beren produktuak. Ziurtatu zutenez, "krisia ez dugu nabaritu. Txistorra krisi produktua da". Gaur egun nagusiekin batera bost langile ari dira enpresan lanean eta aurki lantegi berrian hasiko dira lanean.