Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
4x4 Sakana taldeak trial erakusketa antolatu du bihar, larunbatean, hilak 27, Arbizuko poligonoan. Arbizuko festen programan erakusketa igandean izango dela aipatzen da akats bat dela medio, baina antolatzaileek ziurtatu dute bihar izango dela ekitaldia, 16:30etik aurrera. Martxoko 4x4 topaketan lehiaketa zen probaren oinarria. Prestatutako guneetatik ahalik eta penalizazio gutxien eginda eta ahalik eta azkarren pasatu behar ziren ibilgailuak. Aldiz, biharko proban ez da denborarik ez penalizaziorik neurtuko, librea izango da. "Topaketan baino zulo handi eta pikuagoak egin ditugu, paretak ia bertikalak dira. Hemen gidarien abilezia ikustea da inportanteena. Pilotua eta bere ibilgailua daude eta zulo handi horietatik atera beharko dira. Nola egiten duten da inportanteena. Ikusgarriagoa da" dio 4x4 Sakana taldeko Jose Luis Lakuntzak. Hasiera batean gehienez 15 ibilgailu onartzea zen asmoa eta hautagaiak bazituzten, baina azkenean 10 ibilgailura murriztu dute kopurua. "Ibilgailuek 5 gune gainditu behar dituzte, bi norabideetan. Zuloetatik ateratzeaz gain ipurdiz jaitsi beharko dira. Erakustaldia soilik larunbat arratsaldean izango denez asko luzatzen zitzaigun kontua eta horregatik 10 ibilgailura jaitsi dugu parte hartzea" dio Jose Luisek. Iruñea, Logroño eta Euskal Herriko pilotuak ariko dira. Jose Luis Lakuntza bera izango da erakustaldian ariko den pilotuetako bat, sakandar bakarra. 16:30ean hasi eta 19:00ak aldera bukatuko da erakustaldia. Motor maitaleek badute aukera, beraz.