Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitatearen eskaera bati baiezkoa erantzunez, Arbizuko Udalak berriki erabaki du ibarreko erakundeari 1.100 m2 lagatzea. Udalak mankomunitateari utziko dion lur eremu hori mankomunitateak duen hondakindegiaren sarreraren ondoan dago, ezkerretara. Sakanako Mankomunitatetik azaldu digutenez, "hondakin organikoak Tuterako hondakindegira eramateko trinkotu egin beharko dira. Horrek eta ondorengo garraioak kamioi mugimendu handia ekarriko dute. Gaur egun ez dago espazio nahikorik kamioiek maniobrak egiteko eta langileek haien autoak aparkatzeko". Arbizuko Udalak lagatako lur eremu horrekin arazo horiek guztiak konponduko dira. Egokitze lanak mankomunitatearen kontu izanen dira. BaldintzakArbizuko Udalak lurra ematerakoan Sakanako Mankomunitateari jarritako baldintzak aurretik hondakindegia ezartzeko jarritako berak dira. Hau da, Sakanako Mankomunitateak urtero metro karratu bakoitzeko 6 euro ordaindu beharko ditu, hau da 6.600 euro. Horretaz gain, mankomunitateak noizbait lur horiek erabiltzeari utziko balio, Arbizuko Udalaren eskura pasako lirateke. Lanak hondakindegianArbizuko hondakindegian deskarga kaia egiten ari dira eta agorrilaren erdialderako despedituko dituzte lanak. Han Sakana, Larraun, Leitzaran eta Araitz aldeko hondakinak bota eta trinkotuko lirateke. Ondoren edukiontzi berezi batean, Tuterako El Culebrete hondakindegira eramanen dira hondakinak.Horiek ez dira hondakindegian egin diren berrikuntza bakarrak. Hondakindegian lapurretak zeudenez, batez ere biltegietako ondasunak babestu nahian, Sakanako Mankomunitateak 14.973,53 euroko inbertsioa egin du eta bideo zaintza sistema jarri du. Diru sail horren barruan ere baskularendako software berria sartu da. Bestelako mantenu lanak egiteko 20.000 euro gehiago bideratu ditu Sakanako Mankomunitateak zabortegira.