"Pintaketa faxisten" kontrako manifestazioa egin zen

Guaixe 2009ko ira. 8a, 00:00

Larunbat arratsaldean 500 bat pertsoneak manifestazioa egin zuten Arbizun. Herria zeharkatu zuen mobilizazioa "atzoko eta gaurko faxisten aurka, utzi bakean Euskal Herria" zioen pankarta batek zabaldu zuen. Manifestazio horrek udaletxeko paretetan eta ate nagusian agertutako mehatxuzko pintaketak salatu zituen. Agorrilaren 20an lau udal ordezkariren izenak eta  haien kontrako heriotza mehatxuak (orain zelatan, bihar hilko zaituztegu) agertu ziren udaletxean. Arbizuko Udalak salatu egin ditu bere alkatearen eta hiru zinegotziren kontra udaletxeko aurrealdean idatzitako heriotza mehatxuak. Horrekin batera, Nafarroako Parlamentuan mehatxuei buruzko azalpenak emateko agerraldi eskaera egingo du Arbizuko Udalak (Alain Berastegiren kasuarekin ere agerraldia eskatu zuen). Horretaz gain, udalak salaketa judiziala aurkeztu eta akusazio partikular gisa azaltzea erabaki du.

Elkartasuna
Gertaera salatzearekin batera, Sakanako ezker abertzaleko 20 bat hautetsik babesa eta elkartasuna azaldu zieten mehatxatuei. Agerraldia egin zuten eta salatu zuten Euskal Herriak "sistematikoki hiritarren eskubide eta askatasunen kontrako ofentsiba bizi duela, adierazpide ezberdinak dituena". Halako gertaerek "zigorgabetasun babesa" dutela nabarmendu zuten eta, gehitu, mugimendu independentistaren kontra "denak balio du" estrategia indarrean dela. Gaineratu zutenez, "gatazka politikoaren konponketan ezertan laguntzen ez duen estrategia antzua da". Agerraldian nabarmendu zutenez, "mehatxuek ez dute aldatuko gatazka politikoa konpontzeko eta proiektu guztiak gauzatu ahal izateko eszena demokratiko bat sortzeko dugun konpromisoa".  Euskal Herriko gizartearendako "egitasmo politiko independentista eta ezkertiarraren alde" egiten jarraituko dutela nabarmendu zuten.