Eraso faxistak jasandako biktimek manifestazioa deitu dute

Guaixe 2009ko irailaren 30a

Urriaren 12an izanen da Iruñean, eta salaketa egiteaz gain "aldaketa politikoa" eskatuko dute

Asteartean prentsa aurrean azaldu ziren eraso faxistak jasan dituzten pertsonak, "Atzoko eta gaurko faxismoari stop" lelopean urriaren 12an Iruñean deitu duten ekimena aurkezteko asmoz. Tartean zeuden Alain Berastegi eta Fran Balda arbizuarrak. "Bizitzan noizbait eraso edo mehatxu faxistaren bat izan dugunok kezkaz begiratzen dugu gure herriko egoera politikoa" adierazi zuen martxoan ustezko poliziek zazpi orduz bahitu eta torturatu zutela salatu zuen Dani Saralegik, eta eraso horien helburua Euskal Herriko aldaketa politikoa amaitzea dela gaineratu zuen. Erasoen biktimek aldaketa hori beharrezkoa dela uste dutenez, haren alde mobilizatzera deitu dute urriaren 12an, "Atzoko eta gaurko faxismoari stop" lelopean, 17:30ean Iruñeko autobus geltokitik aterako den manifestazioarekin.

Gerrate Zibiletik hasita gaur egunera arte faxismoaren ondorioak milaka pertsonak jasan dituztela azaldu zuen Saralegik. "Eraso fisiko eta psikologikoak, oroimen historikoaren oroitarrien aurkako sabotajeak, banakakoen ondasunei egindako kalteak, margoketak, bahiketa eta torturak... horiek guztiak oraindik badirauen dinamika faxista basatiaren adibideak dira" nabarmendu zuen. Alternatiba bakarra "aldaketa politiko eta soziala dela" azpimarratu zuen, eta deitutako ekimenean parte hartzera deitu zuten gizartea. Halaber, gertatutako eraso faxisten aurrean klase politikoek agertutako jarrera "ez zutela ulertzen" azpimarratu zuen.

Alainen kasua
Jakina denez, Alain Berastegik salatu zuen uztailaren bukaeran burua estalita eta armatuta zeuden zenbait pertsonak, 15 batek, hura bahitu eta baso batera eraman zutela, Irunberri aldean. Bahiketak iraun zuen zazpi orduetan behin eta berriz kolpatu, torturatu eta mehatxatu zutela gaineratu zuen arbizuarrak, eta haiekin kolaboratzeko eskaintza egin ziotela, dirua eta guzti eskainiz. Kolaboratzen ez bazuen bere aurka egingo zutela jakinarazi ziotela ere azaldu zuen.

Bestalde, makina bat herri eta txokotan pintada faxistak agertu dira azkenaldian, tartean Arbizuko udaletxean. Abuztuaren 20an lau udal ordezkariren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak ("orain zelatan, bihar hilko zaituztegu") agertu ziren idatzita udaletxeko fatxadan, Falangeko logotipoarekin eta "1936.Gora Barandalla!" idazkiarekin batera. Berriki Falange y Tradición erakundeak bere gain hartu ditu Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina ez ditu zerrendatu. Nahiz eta Arbizukoaz inolako aipurik ez egin, Arbizuko zinegotzi Fran Balda astearteko bilkuran izan zen.