Haur eskola jasotzeko lanak, hastear

Guaixe 2009ko urriaren 2a

Arbizuko eta Lakuntzako udalek elkarlanean jasoko dute 0-3 haur eskola. Hasiera batean ikastetxea Lakuntzako eskola laboraletan jasotzea aurreikusten zen, baina eraikina hainbat herriren jabetza denez bertan halako inbertsio handia egitea ez zuten ikusi. Azkenean Arbizun egitea erabaki zuten, Olatzean, etxeen ondoan dagoen lur dotazionalean. 2010-2011 ikasturterako eginakAipatu ikastetxeko lanak emateko deialdira 14 proiektu aurkeztu ziren eta bi udalek asteartean zabaldu zituzten enpresek egindako proposamenak. Construcciones Irumendik aurkeztutakoa onartzea erabaki zuten, merkeena zelako. Horrela, 1.031.733 euroko aurrekontua izango dute Arbizun haur eskola jasotzeko lanek. Lanak berehala hasiko direla adierazi du Arbizuko alkate Jesus Mari Mendinuetak, hurrengo ikasturterako martxan egonen baita zerbitzua. "Nafarroa Oinezeko area bat Olatzean egonen denez, Nafarroa Oinez festa pasa eta hurrengo egunean bertan hasiko dira lanak" esan du alkateak. Bi udalek adostu dutenaren arabera 0 eta 3 urte arteko ikastetxearen lanen %80a Arbizuk ordainduko du, eta %20a Lakuntzak. Ikastetxe berriaren eraikuntzaren %65 diru-laguntzekin ordaintzea espero dute udalek. Haurrendako zerbitzu guztiakSolairu bakarreko eraikina jasoko da, 900 metro karratuko azalera izanen duena. Haur txikienen beharrak asetzeko zerbitzu guztiak izanen ditu zerbitzuak, egungo araudira egokituta. Horrela, sarrera, haurren silletak uzteko gela, langileendako aldagelak eta komunak, material didaktikoa gordetzeko gela, irakasleen bulegoa, bilkura gela eta galdara gela izanen dira. Jakina, haurrendako hiru ikasgela egonen dira, bikoitzak, bakoitzak bere komunak dituela. Haurrendako tailerra, psikomotrizitate gela, jangela eta sukaldeak osatuko dute eraikina. 1.031.733 eurokoa da lanen aurrekontua