Ipuinak entzun eta Argiñeren bila

Guaixe 2009ko urriaren 9a

Etxeko txikienek eskaintza paregabea dute gaur arratsaldeko 18:00etan, Arbizuko udaletxeko batzar gelan. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatuta, kontu kontari ariko da Lupe Lekuona. Untxitxo txuria ipuinarekin, irudimenezko munduan sartuko dira haurrak. 3-6 urteko haurrei zuzenduta dago bereziki.  Ipuinak amaituta, Nafarroa Oinez egunari begira jarriko dira Arbizura hurbiltzen direnak. Izan ere, bertan dugu ikastolen festa handia. Baina, inork ikusi al du azken aldian Argiñe? Hura gabe ez dago ospakizunik. Beraz, Argiñeren bila hasiko dira haurrak. Marrazki, musika eta kantuen bidez deituko dute Argiñe. Entzunen al ditu Sakanako haurrak?